Elhuyar zientziaren komunikazioa

Smartwachak, adimena (esku)muturrera miniaturizatua

2014/10/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Smartphoneen eta tableten ondoren, beste gailu-mota bat ari da agertzen duela urtebetetik edo: smartwatch edo eskumuturreko erloju adimenduna. Smartphoneak telefono bat baino askoz gehiago diren bezala, smartwatchak ere ohiko erlojuez harago doaz. Eskumuturrean eramateko ordenagailu txikiak dira, eta hainbat sentsore eta haririk gabeko konexio dituzte. Baina kontzeptua smartphonearena ez bezalakoa da, nahitaez, tamainaren muga dela eta.

smartwachak-adimena-eskumuturrera-miniaturizatua
Hurrenez hurren, Sony Smartwatch, Apple Watch eta Samsung Galaxy Gear. Arg. Sony/Apple/Samsung

Duela ia bi urte idatzi genuen atal honetan Jantzita eramateko informatika izenburuko artikulua. Orduan bolo-bolo zebilen janzteko gailua Google Glass zen, Googlek egindako betaurreko adimendunak alegia, eta horretan zentratu genuen artikulua. Geroztik, baina, betaurrekoek ez dute hainbeste aurrera egin: Google Glass oraindik ez dago salgai publiko zabalarentzat, eta proba gisa atera dituzten gailuek jendartearen parte baten aurkako jarrera aurkitu dute pribatutasuna dela eta (horiekin inoiz ezin baitaiteke jakin noiz ari den bideoa grabatzen). Aldiz, artikulu hartan azal-azaletik eta etorkizunerako joera gisa aipatzen genuen beste wearable batek (horrela deritze jantzita eramateko gailu informatiko horiei orain), smartwatch edo eskumuturreko erloju adimendunak alegia, bide luzeagoa egin du ordutik hona.

Izan ere, erloju adimendun ugari ari dira merkaturatzen elektronika-enpresak iaztik: Samsung Galaxy Gear, Sony Smartwatch, Pebble, LG G Watch, Moto 360, Sony Ericsson Live View... eta irailean iragarri du Applek hurrengo urtearen hasierarako aterako duela Apple Watch.

Smartwatchen ezaugarriak

Eman zaien izenagatik smartphoneen ahalbide eta ezaugarri berak dituztela irudi lukeen arren, kasu gehienetan ez da horrela. Salbuespenak salbuespen, kontzeptu nahiko ezberdina da, halabeharrez: ezinezkoa da telefono mugikorrek dituzten hardware-atal eta funtzio guztiak askoz txikiagoak izaten diren erloju baten tamainan sartzea, eta bateria txikiekin ere ez litzateke posible izango egungo mugikorren eginbide guztiak luzaro iraunaraztea.

Hala, gehienek ez dute izaten telefono mugikorren sarerako konexiorik, eta, beraz, ezta Interneteko konexiorik ere. Ez dira gailu beregainak, Bluetooth bidez konektatzen dira gure telefono mugikorrera eta orduan lortzen dute beren ahalmen guztia. Ukipen-pantailarik ere ez dute izaten edo, izatekotan, ez behintzat teklatu birtualarekin (tamainagatik logikoa denez), eta horregatik ez dute balio izaten mezuak, txioak, guatxapak edo beste ezer idazteko.

Horiek horrela, beren funtzio nagusia da telefonoaren bidez informazioa eta oharrak bistaratzea, esaterako, eguraldia, posta elektronikoa, agenda, txioak, mezuak.... Eta, horretarako, bibragailua izan ohi dute, eskumuturrean izanik ezerk ihes egin ez dezan. Gero mezuoi erantzuteko edo beste edozertarako, mugikorrera jo behar da. Gehienek telefonoaren hainbat eginkizunen urruneko aginte gisa ere funtzionatzen dute (adibidez, musika-erreproduzitzailearena). Eta telefono-konexiorik ez badute, erloju hutsa izateaz gain, kirola egitean informazioa erregistratu eta horrelakoak egin ditzakete, GPS bidez (dutenek) edo bestela.

Esan bezala, badaude salbuespenak. Batzuek mikrofonoa izaten dute eta telefonoaren Bluetooth konexioaren bidez deiak erlojutik bertatik egin ditzakegu. Gailu gutxi batzuetatik mezuak ere idatz daitezke, ukipen-pantailako teklatu birtualaren bidez edo ahots-ezagutza bidez. Eta batzuek kamera ere izaten dute. Beste batzuek NFC konexioa izaten dute, ordainketetarako (hitz egin genuen horretaz 2011ko irailean), edo beste erloju edo telefonoekin informazioa partekatzeko. Gailuren bat badago (QOne, adibidez) guztiz beregaina dena; SIM txartel bat jar dakioke eta, hala, deiak egin eta Internet izan daiteke. Baina batek ere ez ditu horiek denak eta zenbat eta gehiago izan, orduan eta gutxiago irauten du berez ere gutxi irauten duen bateriak.

Merkatuan arrakasta?

Badira urte pare bat horrelako gailuak salgai daudela, baina esan daiteke haien presentzia gizartean anekdotikoa dela. Nik neuk ez dut ezagutzen erloju adimenduna duen inor! Hala ere, Applek berea ateratzeak gauzak alda ditzake akaso. MP3 erreproduzigailuak, smartphoneak eta tabletak ez zituen Applek asmatu, baina iPoda, iPhonea eta iPada erabakigarriak izan ziren gailu horien hedapenean, enpresa horren ahalmen eragile niretzat ulertezin hori dela eta.

Niri neuri zalantza asko sortzen dizkidate eskumuturreko erloju adimendunek. Esan bezala, tamaina muga handiegia da, miniaturizazioa muturreraino eramaten da gailu horietan, eta horren kausa dira bere desabantaila denak. Batetik, informazioa jasotzeko gailuak dira nagusiki, eta informazioa sar daitekeenetan, ez dut nire burua ikusten horrelako teklatu batean idazten, telefonoetan ere oso gaizki moldatzen bainaiz. Bestetik, bateria txikia izan beharrak ere sarri kargatu beharra dakar: egun gutxi batzuk besterik ez du irauten, batzuek egun bakarra (Applek ere bereaz onartu duenez). Eta orain erlojuak ere egunero kargatu behar baditugu... Tinta elektronikozko pantaila duen Pebble da salbuespena, baina zuri-beltzean izatearen ordainetan (beharbada horrek ekarriko al du aspalditik eskatzen ari garen koloretako tinta elektronikoaren garapena?). Horrez gain, telefonorik gabe ez funtzionatzea ere muga handia da, beste batzuek ere pentsatzen duten bezala. Eta guztiz beregainak direnetan, bateriaren mugaren arazoa areagotzen da. Bestalde, horrelako erlojurik txikiena ere erloju normalak baino askoz handiagoa da. Eta, azkenik, ezin utzi aipatu gabe prezioa: 100 eta piko eurotik gora balio dute denek, eta Applerenak 300dik gora! Imajinatzen duzue erloju bategatik diru hori ordaintzea? Baina, tira, lehen ere ez nuen uste inork 700 eurotik gora ordainduko zuenik telefono bategatik, eta hara... Guztira, batzuek 1.000 eurotik gora izango dituzte telefonoaren eta erlojuaren artean!

Beraz, nire epai negatiboa ikusita, ia ziurra da smartwatchek arrakasta izango dutela, nire txoko hau huts egin duten iragarpenen bilduma baita. Pentsatzen hasia nago nire iritzi eta gustuak ez datozela bat gehiengoarenekin, eta friki samarra naizela... ;-)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia