Saturnoko hexagonoa, laborategian

Saturnoren ipar-poloan, atmosferako haizeek hexagono-itxura hartzen dute. Bada, Oxford Unibertsitateko fisikari batzuek forma bereko zurrunbiloak sortu dituzte urarekin, eta azaldu egin dute zer dela eta sortzen diren horrelakoak.

Mantso biratzen ari zen mahai baten gainean 30 litroko zilindro bat ur jarri zuten, eta zilindroaren barruan mahaia baino azkarrago biratzen zen eraztun txiki bat sartu zuten. Eraztun txikiaren mugimenduak zurrunbiloak eratu zituen ur-zilindroan. Hala, ur-zilindroak Saturnoren atmosfera ordezkatu zuen; eraztunak, Saturno bera; eta zurrunbiloek, Saturnon ikusi ohi diren eraztun-antzeko formak.

Ikertzaileek ikusi dute eraztunaren biratze-abiadura aldatuta aldatu egiten dela zurrunbiloen forma, eta obaloak, hirukiak, karratuak eta, noski, hexagonoak, eratu dituzte. Azaldu dutenez, zenbat eta handiagoa izan eraztunaren eta ur-zilindroaren biratze-abiaduraren arteko desberdintasuna, orduan eta alde gutxiago ditu poligonoak.Saturnoko iparraldean, sei aldeko poligonoak eragiten ditu planetaren eta atmosferako haizearen biratze-abiaduraren arteko desberdintasunak.

Argazkia: Anna Barbosa Agular; barrukoa (Saturnoko haize-zorrotada hexagonala), NASA, JPL, Arizona Unibertsitatea

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali