Ikertzaileek ohartarai dutenez, sateliteen argi-kutsadura arriskuan jartzen ari da ikerketa astronomikoa. Horrela jarraituz gero, kalkulatu dute, hurrengo hamarkadarako, Lurraren orbita baxuan lan egiten duten espazio-teleskopioen irudien % 96 ez dela kalitatezkoa izango.
Izan ere, izugarri ugaritu dira Lurraren inguruan orbitatzen duten sateliteak: 2019an 2000 inguru ziren; gaur egun, berriz, 15.000. Aurreko lan batzuetan, sateliteek lurreko behategien lanean duten eragina aztertu bada ere, orain arte ez da kontuan izan espazioan dauden teleskopioetan duten eragina. Azken ikerketa horrek agerian jarri du zenbateraino eragiten dien haiei ere.
«Hubbleren irudien % 39,6 ingururi eta besteen % 96ri eragingo lieke sateliteen kutsadurak»
Horretarako, ikertzaileek lau espazio-teleskopioren ikuspegia simulatu dute, sateliteen populazioa hazi ahala, 400 eta 800 kilometro bitarteko orbitetan. Lau teleskopio horietatik bi NASArenak dira, Hubble eta ESFERX, eta beste biak etorkizunerako panifikatuta dituzte ESAk (ARRAKIHS), eta Txinako espazio-agentziak (Xuntiar). Bada, simulazioaren arabera, 560.000 satelite bat egon daiteke orbitan etorkizunean, eta Hubbleren irudien % 39,6 ingururi eta besteen % 96ri eragingo lieke sateliteen kutsadurak.
Ikertzaileen esanean, irtenbide bat izan daiteke sateliteak teleskopioek funtzionatzen duten baino orbita txikiagoetan hedatzea. Alabaina, horrek ondorioak izango lituzke Lurraren ozono-geruzan.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







