SARSi aurre egiteko droga

Ezohiko pneumoniaren (SARS) aurka erabil daiteke C hepatitisa tratatzeko droga bat. Droga horren izena alfa-interferona da, eta, gaixotasunaren sintomak gutxitzeaz gain, birusa horren infekziosoa ez izatea lortzen du.

SARSi aurre egiteko droga


Hori aurkitu du ikertzaile-talde batek makakoekin probak eginda.

Droga eman eta birusarekin infektatu ondoren, makakoek eztarrian partikula infekzioso gutxi dituztela ikusi dute. Horrek birusa gutxiago zabaltzea eragin dezake. Gainera, drogarekin tratatu dituzten makakoek besteek baino 10.000 aldiz partikula biriko gutxiago dituzte biriketan, eta errazago hartzen dute arnasa. Drogak birusen erreplikazioa mugatzen duela uste dute ikertzaileek. Alfa-interferona infektatu ondoren emanda, emaitzak antzekoak dira, baina ez horren nabarmenak.

Gaur egun ez dago tratamendu eraginkorrik SARSentzako. Hori dela eta, droga honek arazoari aurre egiteko balio dezake. Gainera, babes-neurri moduan erabil daiteke, osasun-langileei eta gaixoen hurbilekoei emateko.

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna