}
Joseba Rios Garaizar Arkeologoa

“Sapiensak eta neandertalak hibridatu egin zirela jakiteak jokaleku berri bat ireki digu”

2024/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Joseba Rios Garaizar (Getxo, 1976) arkeologoa industria litikoan espezializatuta dago, eta neandertalen aztarnategi nagusietan egin du lana. Haren sinadura daramate haiei buruz argitaratutako lehen mailako lan ugarik; hori dela eta, Elhuyar aldizkaritik maiz jo dugu Riosengana, neandertalen gaineko erreportajeak edo albisteak egiterakoan. Oraingoan ere, beti bezain abegikor hartu gaitu, eta ez du denbora askorik behar izan erantzunak botatzeko.

sapiensak-eta-neandertalak-hibridatu-egin-zirela-j
Arg. Jon Urbe/©Argazkipress

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Neandertalen inguruan lan egiten dudanez, uste dut DNA zaharraren ikerketa guztiek aldatu didatela ikuspegia, eta, batez ere, hibridazioarenak; alegia, jakiteak sapiensak eta neandertalak hibridatu egin zirela. Horrek jokaleku berri bat ireki zigun denoi, neandertalen eta gizaki modernoen arteko erlazioak ulertzeko. Eta horrek guztiak balio izan digu beste modu batean ulertzeko neandertalen desagerpena. Baldin eta desagertu baziren! Izan ere, gure genoman haien geneak baditugu, zenbateraino da zuzena esatea desagertu egin zirela? Eta, horrekin batera, hibridatu izanak zalantzan jartzen du beste espezie bat zirela dioen paradigma: paradigmaren arabera, hibridatzen diren bi espezieren kumeak antzuak dira; gure kasuan, ez zen horrela izan. Polita da, gainera, maitasun-agertoki bat irudikatzea, lehenago bi giza talde haien topaketak beti lotzen baitziren bortizkeriarekin eta gerrarekin [barre txikiz].

Era berean, beste gizaki batzuk ere agertu dira Europan, denisovarrak eta abar. Horrenbestez, lehen giza eboluzioa zuhaitz baten modura irudikatzen bazen ere, orain, dakigunarekin, sastraka-itxura hartu du.

Hortaz, genoma zaharraren sekuentziazioa denontzat izan da oso garrantzitsua, eta horretan sartuta gaude orain.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

Nire nahiak nahiko xumeak dira. Bi gauza gertatzea gustatuko litzaidake. Bat da Euskal Herrian topatzea Behe Paleolitoko aztarnategi bat, kobazulo baten barruan, faunarekin, tresnekin eta, zergatik ez, giza hezurrekin. Izan ere, urte asko eman ditugu horren bila, eta egia da topatu ditugula zenbait zantzu —aztarnategiak aire zabalean, material isolatua eta abar—, baina gustatuko litzaidake topatzea zerbait esanguratsua, kobazulo batean, ondo gordeta. Kobazulo batean diot, aire zabalean fauna eta horrelakoak ez baitira kontserbatzen.

Eta bestea izango litzateke Châtelperroniar aldiko aztarnategi potolo bat topatzea kobazulo batean, arrazoi berengatik. Kobazuloetan ditugunak interesgarriak dira, baina oso txikiak dira, eta ditugun handienak aire zabalean daude. Horregatik, kobazulo batean aurkitzea nahiko nuke, eta, eskatzen hasita, han ere giza hezurrak topatzea [berriro barrez]. Eta aurrez inor han izan gabe eta ukitu gabe egotea. Eta beheko eta goiko geruzetan ez egotea beste ezer; hori ezin hobea izango litzateke, nahasketarik ez egoteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia