}

Saguzarrak, haizeak akabatuta

2008/09/28 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Aski ezaguna da aerosorgailuek hainbat eta hainbat hegazti akabatzen dituztela; hegan doazela aerosorgailuen palekin talka egiten dute, eta, akabo, kolpeak txikitu egiten ditu. Parke eolikoetan aztertzen ibiltzen diren ikertzaileak, ordea, azkeneko urteetan jabetu dira hegaztiak baino askoz ugariagoak direla aerosorgailuen inguruan hilda agertzen diren saguzarrak —hildako hegaztiak halako lau izatera ere iristen dira—.

Hildako hegaztiak halako lau izatera iristen dira aerosorgailuen inguruan hilda agertzen diren saguzarrak.
Artxibokoa

Hori behatu zutenetik dabiltza zientzialariak jakin nahian nola hiltzen diren saguzarrak parke eolikoetan. Nahiko argi zuten hegaztien antzera (hau da, hegalen kontra talka eginez) akabatzea oso arraroa zela. Izan ere, saguzarrek errazago antzematen diete mugitzen ari diren palei geldirik daudenei baino, duten sonarrari esker. Hortaz, oso gutxitan hurbiltzen dira haiekin talka egiteko arriskua izateko adina. Gainera, horren froga nabarmen bat ere bazuten: hildako saguzar gehienek ez zuten kanpoko zauririk.

Urpekarien arazo bera

Buruhauste hori argitzeko asmoz, Kanadako Calgary Unibertsitateko ikertzaile batek parke eolikoetan hildako 75 saguzar aztertu zituen. Saguzarrak disekzionatzean ohartu zen barne-odoljarioak zituztela gehienek. Horrek pentsarazi zion biriketako odol-hodiak lehertu zitzaizkiela eta odolustu zirela. Ikertzaileak uste du aerosorgailuetan gertatzen diren presio-jaitsiera bortitzek eragiten dituztela leherketa horiek, eta hori dela aerosorgailuek saguzarrei eragiten dien kalterik handiena.

Teknikoki biriketako barotraumatismo esaten zaio lesio horri. Urpekaritzari buruz zerbait dakitenei ezaguna egingo zaie gaitz hori, urpekariek azalera azkarregi ateraz gero izan ohi duten arazo bera baita. Hain zuzen, gora doazela biriketako airea behar bezala kanporatzen ez badute gertatzen zaie.

Aerosorgailuen palek mugitzean izaten duten abiadurak eragiten du presioa jaistea, batez ere palen muturrean. (Artxibokoa )

Urpean daudenean, zenbat eta beherago joan, orduan eta handiagoa da presioa, eta, alderantziz, orduan eta txikiagoa ur-azaletik zenbat eta hurbilago egon. Urpekaritza-saioa bukatutakoan, gora abiatzen direnean, presioa jaitsi ahala biriketako airea hedatu egiten da, eta beherago zegoenean baino leku gehiago behar izaten du biriketan. Aire hori behar bezala ez kanporatzeagatik, gerta daiteke birikek duten baino leku gehiago behar izatea aireak, eta presio horrek biriketako albeoloei eztanda eginaraztea. Albeoloak lehertzean sortzen den odoljarioak akabatzen ditu, bai urpekariak, bai saguzarrak.

Paletan, presio-jaitsiera

Aerosorgailuetan beste era bateko presio-aldaketa gertatzen da. Palek mugitzean izaten duten abiadurak eragiten du presioa jaistea, batez ere palen muturrean. Antza denez, saguzarren bat biraka dabilen pala batetik hurbil pasatzea (metro bateko distantziara edo) nahikoa da birikak leherrarazteko adinako presio-jaitsiera pairatzeko. Hegaztiei, berriz, ez zaie halakorik gertatzen hurbil egonda ere, haien birikak zurrunagoak baitira.

Urpekariek azalera azkarregi ateraz gero izan ohi duten lesio bera izaten dute saguzarrek.
D. Meineck

Aurkikuntza hori oso interesgarritzat jo dute kontserbazioan lanean ari diren hainbat zientzialarik, heriotzaren eragilea ezagututa errazago baita horri aurre egiteko neurriak hartzea. Adibidez, proposatu dute aerosorgailuen palak abiadura txikiagoan mugi litezkeela, bereziki saguzarrak jarduera-maila handienean dauden garaietan, hala nola migrazio-garaietan. Hala, presio-jaitsiera txikiagoa izango litzateke.

Dena den, hori balitz aerosorgailuen inguruan aldatu beharreko gauza bakarra, ez ginateke oso gaizki egongo. Beste hainbat arazo daude, ordea. Adibidez, haizeak maiz jotzen duelako, hegazti eta saguzarrentzat oso pasabide onak diren lekuetan jarri ohi ditugu, eta animaliontzat benetako hesi bihurtzen ditugu parke eolikoak.

7K-n argitaratua.