Hiru farmako konbinatuta pankreako minbizia sendatzea lortu dute saguetan. Estrategia horrekin lortu dute egungo tratamenduen oztopo handiena gainditzea: tumoreak tratamenduarekiko erresistentzia garatzea. Inoizko emaitzari onenak lortu dituzte, baina ikertzaileek argi utzi dute terapia oraindik ez dagoela prest saio klinikoetarako.
Pankreako minbizia da pronostikorik okerrenetakoa duen tumoreetako bat. Bost urteren buruan bizirik jarraitzen dutenen ehunekoa % 10etik beherakoa da (Espainian). Azken urteotan KRAS genea jomuga duten farmakoak aurrerapauso garrantzitsua izan dira. Izan ere, gene hori mutatuta dago pankreako minbizia duten pertsonen % 90ean. Hala ere, farmako horien eragina mugatua da, tumoreak azkar garatzen baititu erresistentziak: beste bide batzuk aktibatzen ditu, eta tratamenduari ihes egiten dio.
«KRAS genea puntu bakar batean blokeatu beharrean, hiru puntutan blokeatuta lortu dute erresistentziarik ez garatzea»
Centro Nacional de Investigaciones Oncológicas-eko (Espainia) ikertzaileek arazo horri heldu diote. Horretarako erabili duten estrategia izan da KRAS onkogenearen seinaleztapen-bidea puntu bakar batean blokeatu beharrean, hiru puntutan blokeatzea, aldi berean. Hala, saguetan seinaleztapen-bide horretako hiru molekula giltzarri genetikoki ezabatu zituztenean, tumoreak erabat desagertu ziren eta ez ziren berriro agertu.
Estrategia bera farmakoen bidez aplikatzeko, ikertzaileek hiru tratamenduren konbinazioa erabili dute: KRASen inhibitzaile esperimental bat, beste minbizi mota batzuetan erabiltzen den farmako bat, eta proteinen degradazioa eragiten duen konposatu bat. Terapia hori pankreako minbiziaren hiru sagu-eredutan probatu dute, eta guztietan tumoreen atzerakada nabarmena eta iraunkorra lortu da, toxikotasun nabarmenik eragin gabe. PNAS aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Egileek azpimarratu dute emaitzak oso itxaropentsuak direla, baina zuhurtziaz jokatzeko garaia dela oraindik. Terapia hirukoitz hori ezin da berehala saiakuntza klinikoetara eraman, eta urrats ugari egin beharko dira dosiak, segurtasuna eta eraginkortasuna gizakietara egokitzeko.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia







