}

Sagu hori eta gizenetatik, beltzaran eta argaletara

2003/08/06 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako bi ikertzailek burututako ikerketa batean, sagu jaioberrien itxura fisikoa eta kolorea aldatzea lortu dute. Horretarako, haurdunaldian ama bitamina jakin batzuez elikatu behar izan dute.

Bi ikertzaile horiek, Agouti Yellow saguekin lan egin ostean, ikusi dute barietate horretako kideek DNA zati gehigarri bat dutela Agouti genean. Hori dela eta, ondorengoak gizen eta hori jaiotzen dira. Haurdunaldiaren aurretik, bitartean eta ondoren B12 bitamina, azido folikoa, kolina eta betaina hartuz gero, aldiz, kume beltzaran eta argalak jaiotzen direla ikusi dute. Beraz, substantzia horiek haurdunaldiko elikaduraren parte izanik, Agouti genea isilaraztea lortzen dute, karbono eta hidrogenodun molekulak lotuz. Izan ere, DNAren metilazioa izeneko prozesu hori zelulek maiz erabiltzen dute geneak espresatzeko edota isilarazteko prozesuetan, zelulak DNAa metilatuz kontrolatzen baitu zein gene espresatu behar diren eta zein ez; metiloa lotzen die espresatzea nahi ez duen geneei.

Saguetan burututako esperimentu honen ostean, ikertzaileek gizakien ehunetan gertatzen den metilazioa ikertzeko metodoak proposatu nahi dituzte. Izan ere, gizakian, DNA katearen % 40 metilatuta dago eta asko dira, metilatutako geneak ere, minbizia eragiten duen p16 genea besteak beste.

Azken finean, barietate berezi horretako saguekin egindako ikerketek geneen espresioan kanpoko eragileek duten eragina eta garrantzia azpimarratzeko balio izan dute.

Ikerketa honek garrantzi handia du nutrizioak enbrioiaren garapenean izan dezakeen eraginean, besteak beste. Eta zeresan handia eman dezake, klonazioaren auzian ere. Izan ere, klonazioan badago bereziki zaila eta ezinbestekoa den prozesu bat, zelula somatikoen birprogramazioa hain zuzen ere, eta prozesu horretan zeregin garrantzitsua betetzen du DNAren metilazioak, horren arabera gene batzuk espresatuko baitira edo ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia