RNAk uste baino ardura handiagoa
2005/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mota askotakoak dauden arren, uste zen RNAk ez zuela ardura handiko egitekorik zelulan, ez behintzat DNAk eta proteinek adinakoak. Baina mikroRNA edo RNA txikia deiturikoak giza geneen kopuru handi bat —genomaren heren bat inguru— erregulatzen duela ikusi dute.
Gizakietan ere mikroRNA badela duela gutxi jakin da, 2000an. Horien lana RNA-mezulari jakin batzuei lotu eta proteinen ekoizpena inhibitzea da; geneen proteina-ekoizpena erregulatzen dute, beraz.
Ikertzaileek giza genomako datuak konparatu dituzte txakurrarenarekin, oiloarenarekin, saguarenarekin eta arratoiarenarekin. Espezie horiek komunean dituzten mikroRNAk eta proteinak kodetzen dituzten geneak hartu dituzte kontuan, eta bi horien arteko lotura bilatu dute. Bada, ikusi dute espezie horiek geneen heren baten erregulazioa oso antzekoa dutela —mikroRNA bidezkoa—, eta, beraz, ez dela ia aldatu espezie horien arbaso komunetik (duela 310 milioi urte bizi izan zen).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia