}

Pulsarraren historia gorabeheratsua

2007/09/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zientzian, anekdotaz betetako historia duten aurkikuntza asko dira. Horietako bat pulsarra da, tarte erregularretan errepikatzen diren pultsuak igortzen dituzten astroaren aurkikuntza, hain zuzen ere. Lehen ere mamitsua zen pulsarraren aurkikuntzaren kontua, Nobel sariekin zerikusia duen txutxu-mutxu bat zela eta. Eta orain jakin da komunitate zientifikoa pultsu horietaz ohartu baino lehen gutxienez beste lagun batek erreparatu ziola pulsar bati; zer zen jakin gabe, noski.

M1 edo Karramarroaren nebulosan detektatu zen lehenengo pulsarra, Lurretik 6.300 argi-urtera. (Argazkia: NASA-JPL )

Pulsarra XX. mendeko astronomiaren aurkikuntza sonatuenetako bat izan zen. Zientzia-liburuen arabera, lehenengo pulsarra Bell Burnell izeneko Ipar Irlandako astronomo batek ikusi zuen. Zur eta lur utzi zuen erregulartasunez iristen zitzaion seinale hark, segundo bat baino tarte txikiagoko pultsuak ziren. Zer ote zen? Estralurtarren seinale bat agian? Izan zitekeen.

Azalpena aurrerago aurkitu zuten astronomoek: pulsarra biraka dabilen neutroi-izar bat da, uhin elektromagnetikoak (irrati-uhinak, X edo gamma izpiak) igortzen ditu poloetatik, eta bira bakoitzean halako uhin-periodo labur bat iristen da Lurrera.

Aurkikuntzaren unean, 1960ko hamarkada zen, Burnell ikertzaile-ikaslea zen Oxford Unibertsitatean; eta pulsarraren gaineko lehenengo artikulu zientifikoa hark eta haren ikerketaburuak, Anthony Hewish irrati-astrofisikariak, idatzi eta sinatu zuten. Artikulua harengatik Fisikako Nobel saria jaso zuen Hewish-ek 1974an. Burnell-ek ez ote zuen Nobel sari haren zati bat merezi? Gaur egun ikertzaile ospetsua da Burnell ( Nazioarteko Astronomia Elkarte ko lehendakaria izan zen, eta ahaztezinezko aurkezpen bat egin zuen Pluton planeta bat ez zela erabaki zuten kongresuan), eta Nobel sari hari buruz galdetutakoan, irribarre egiten du umoretsu: ikertzaile-ikasleek ez omen dute Nobel saririk jasotzen.

Belle Burnell astronomo ezaguna da gaur egun; Nazioarteko Astronomia Elkartearen bilera batean egindako aurkezpen xelebre batean atera zioten argazki hau, Plutonek planeta-izaera galdu zuenean, hain zuzen ere. (Argazkia: Nazioarteko Astronomia Elkartea )

Esaldi horri zerbait gaineratzea falta zaio, ordea; hain zuzen ere, emakume ikertzaile-ikasleek ez dutela Nobel saririk jasotzen. Izan ere, badira artean ikasle edo laguntzaile zirela egindako ikerketengatik Nobel saria jaso duten gizonezkoak.

Militar bat pulsarrari begira

Kontu horiek zientziaren historian idatziak daude, txutxu-mutxuen atalean bada ere. Baina beste kontu hau nekez sartuko da atal horretan ere. Kontua da, Estatu Batuetako militar ohi batek kontatu duela komunitate zientifikoak pulsarren berri jakin baino lehen hauteman zuela berak pulsar bat.Schisler du izena, eta Alaskan egiten zuen lan 1967ko udan; misilak detektatzeko radar baten ardura zuen.

Bada, radar haren bidez egunero ordu berean seinale bat jasotzen zuen. Ordu hori kontuan izanda, seinalearen posizio zehatza kalkulatu zuen. Egunak egin zituen seinale hari buruzko datuak jasotzen, eta datu haiekin Alaskako Unibertsitateko Astronomia Sailera jo zuen. Han jakin zuen seinale-pultsuaM1 edo Karramarroaren nebulosatik zetorrela, Lurretik 6.300 bat argi-urtera. Hilabete luzez jarraitu zuen antzeko seinaleei buruzko datuak jasotzen, zer ziren arrastorik jakin gabe, eta egiten ari zena nagusiei kontatu gabe.

Pulsarrak detektatzeko, irrati-teleskopioak erabiltzen dira.
Chicagoko Unibertsitatea

Urte batzuen buruan jakin zuen seinale haiek pulsarrak zirela, hedabideetan jakin zuen haien berri. Eta, ohartu zen, seguruenera beste inork baino lehenago erreparatu ziela seinale haiei. Baina esan dugun bezala, Schisler ez zen astronomoa, ez zen zientzialaria; misilak radarrez detektatzea zen haren lana, eta, beraz, nekez sartuko da zientziaren historian pulsar bat lehenengoz detektatu zuen gizona izan arren.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia