Proxima Centauri, gure galaxiatik gertuen dagoen izarra
2002/12/02 Elhuyar Zientzia
Eguzkitik 4,2 argi-urtera dago Proxima Centauri izarra. Alfa Centauri izar bikoitzarekin batera izar-sistema hirukoitza eratzen du, eta Centaurus konstelazioaren hegoaldera kokatzen den 11 magnitudeko objektua da.
Hiruretan izarrik ahulena da; oso masa gutxi du, Eguzkia baino zazpi aldiz txikiagoa da eta bere gainazaleko tenperatura ez da 3.000 gradutara heltzen. Hertzsprung-Russel diagraman, izarren, nano marroien eta planeten tarteko lekuan kokatzen da.
Orain arte, Proxima Centauri bezain izar txikien tamaina neurtzea ia ezinezkoa izan da, gehienek oso argi ahula dutelako eta, gainera, ez delako egon objektu horiek neurtzeko teknologia egokirik. Hala ere, astronomoentzat betidanik izan da oso interesgarria izar horien tamaina jakitea, muturreko egoeran dagoen materiaren jarduera aztertzeko datu oso baliagarria delako.
Proxima Centauri izarraren tamaina neurtzeko Paranaleko behatokiko VTL interferometroa erabili da. Interferometroak behatokian dauden lau teleskopioen datuak bateratu egiten ditu, askoz ere erresoluzio handiagoko irudiak lortzeko. Horretarako ezinbestekoa da lau teleskopioek leku berera mementu berean begiratzea.
Gero, interferometroarekin lortutako datuak Genevako behatokiak, ESOk (European Southern Observatory) eta Kanada-Frantzia-Hawaii Teleskopioak elkarlanean tratatu dituzte. Horri esker, izar txiki horren tamaina zehatza zein den jakitea posible izan da.
Beste bi izar txiki ere neurtu dira eta hiru kasuetan lortu diren emaitzak bat datoz izarren teoriarekin. Beraz, espazioko izar txikien egitura eta konposaketari buruz dagoen teoria zuzena dela frogatu da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia