}

Proteinek ezkutatutako mutazioak

2002/05/13 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Babes-funtzioa duen proteina batek ustez eboluzioa bultzatzen duten mutazioak ezkutatzen omen ditu.
Arabidopsis landarearen forma-aldaketak Hsp 90 proteinaren kontzentrazio altuarekin (goian) eta baxuarekin (behean).

Hsp 90 edo heat-shock protein 90 deituriko proteinaren funtzioa babestea da. Zeluletako beste proteinak inguruneak eragin ditzakeen tenperatura altuetatik eta substantzia kimiko arriskutsuetatik babesten ditu. Horretaz gain, organismoaren garapena eta hazkuntza modu egokian gerta dadin zaintzen du, beste proteinetan gerta daitezkeen mutazio txikiak konpontzen baititu.

Chicagoko Unibertsitateko Christine Queitsch eta bere taldekideek proteina horiek aztertzen jardun dute azkenaldian, eta ondorio interesgarrietara heldu dira, Nature aldizkarian agertutako berriaren arabera. Eginiko azterketetan, Hsp 90 proteina kopuru txikian zuten landare eta fruta-euliak nola garatzen ziren behatu dute. Dirudienez, Hsp 90 proteinaren laguntzarik gabe, landareen eta fruta-eulien garapena oso bestelakoa da eta proteina hori dutenen aldean itxura ezberdina hartzen dute.

Horretaz gain, inguruneko kondizioak oso gogorrak direnean, proteina horren kontzentrazioa naturalki jaisten dela ikusi dute eta, ondorioz, bere funtzioa ez duela hain ondo betetzen. Chicagoko zientzialari-taldearen ustez, kondizioak okertzean Hsp 90-aren kontzentrazioa jaisteak lehenago ezkutuan zeuden mutazioak azaleratzea ekar dezake. Mutazio horien bidez, organismoan moldaera berriak ager daitezke eta, onuragarriak suertatuz gero, eboluzioaren makineria martxan jarri.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia