Promiskuitatea ez da ondorengoen mesederako

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, emeek ez dute bilatzen beren ondorengoek gene hobeak izatea ar batekin baino gehiagorekin elkartzean. Beste onuraren bat ekarriko du aparteko energia eta denbora inbertitzea eskatzen duen ekintza horrek.

Espezie batzuetan, ohikoa izaten da emeak ar batekin baino gehiagorekin kopulatzea; hau da, poliandria. Orain arte oso zabalduta zegoen ideia zen ondorengoek nolabaiteko onura genetikoa lortzen zutela hortik. Suediako Uppsala Unibertsitatean Callosobruchus maculatus kakalardoarekin egindako ikerketa batean, ordea, ezin izan dute horrelakorik ondorioztatu.

Espezie horretako eme batzuk hartu, ar antzuekin elkartu, eta aztertu zuten emeak ar onekin edo txarrekin elkartzen ziren lehenengo kopulazioaren ondoren. Arrak onak edo txarrak ote ziren erabakitzeko, irizpidetzat hartu zuten ar bakoitzak ernaldutako arrautzetatik zenbat atera ziren aurrera.

Zabalduta zegoen ideia egia izan balitz, emeek ar onak aukeratuko zituzketen; ondorengo gehiago emango zituztenak, alegia. Baina kontrakoa behatu zuten: ar txarrek izan zuten arrakasta handiena.

Ez dirudi, beraz, emeek onura genetikoa bilatzen dutenik poliandrian. Ikerketa egin duten ikertzaileetako baten ustez, horren arrazoia da gene batzuk antagonistak direla sexu bateko eta besteko banakoetan. Hortaz, ez dago gene onak eta txarrak bereizterik, gene berek ezaugarri onuragarriak ematen dizkiete sexu batekoei, eta kaltegarriak besteei.

Irudia: Fleur Champion de Crespigny

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Genetika