}

Prokariotoak ez dira eukariotoen aintzindariak

2003/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lehenengo aldiz, zientzialariek organulu bat ikusi dute prokarioto baten barruan. Orain arte, zientzialariek uste zuten zelula prokariotoak ez zituztela funtzio bereziak betetzeko organuluak, hau da, organismo zelulabakar horien barruan, ez zeudela mintzez bereizitako zati espezializatuak.

(Argazkia: P. Sforza).

Izatez, prokariotoek ez dute ezta material genetikoa biltzen duen nukleorik ere. Aldiz, zelula eukariotoak konplexuagoak dira, eta, nukleoaz gain, mitokondriak, kloroplastoak edota beste organulu batzuk dituzte.

Baina, beste behin ere, usteak ustel gertatu dira, eta prokariotoek ere organuluak badituztela ikusi dute AEBetako Illinois-ko Unibertsitean. Hango ikertzaileek Agrobacterim tumefaciens aztertu dute; hain zuzen, bakterio horrek gaixotasun bat eragiten diete landare askori, eta eraldaketa genetikoan ere erabiltzen da; beraz, bakterio nahiko ezaguna da. Hala ere, orain arte ez ziren konturatu baduela organulu bat.

Bakterioan aurkitutako organulu horrek azidotasun-maila kontrolatzen laguntzen du, eta eukariotoetan ere azaltzen da organulu hori bera. Hori dela eta, prokariotoak eta eurkariotoak eboluzioan jatorri bera izan zutela ondorioztatu dute. Orain arte, ordea, uste zen prokariotoek beste prokarioto batzuk barneratuta sortu zirela eukariotoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia