Prioiak detektatzeko metodo berria
2001/06/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Behi eroen gaitzak gizakien Creutzfeldt-Jakoben aldaera sortzen duela eta, hiltegietan 30 hilabeteko abelburuak analizatzen dira kutsatze-arriskua ekiditeko. Baina test hori hildako animaliekin bakarrik erabil daiteke, eta animalia gazteagoekin edo duela gutxi kutsatutakoekin ez da baliagarria.
Aldiz, Claudio Soto ikertzaileak zuzentzen duen taldeak prioiak detektatzeko aurkeztu duen metodoaren eraginkortasuna askoz handiagoa da. Horri esker, orain arteko metodoekin aztertu ezin ziren animalietan bila daitezke prioi eraldatuak, baita bizirik daudenetan ere. Gainera, gizakietan ere erabil daiteke, odoleko edo bizkarrezur-muineko laginak aztertuz Creutzfeldt-Jakoben aldaera diagnostikatu ahal izango baita.
Metodo berriak prioi eraldatuen ugaltze-prozesu berdina erabiltzen du, baina abiadura azkarrean: berez naturan urteak beharko lituzkeen prozesua laborategian ordu gutxi batzuetan eginarazten da. Horretarako, ikertzaileek scrapie -a zuten saguen garuneko prioi eraldatuen lagin txiki bat hartu zuten. Ondoren, gaixotasuna ez zuten saguen prioi-kantitate handiarekin elkartu zuten eta berehala prioi eraldatuek prioi arruntak aldarazten zituztela ikusi zuten (horixe da, hain zuzen, naturan gertatzen dena). Ondorioz, prioi-elkarketak gertatu ziren, eta elkarketa horiei ultrasoinuak ezarriz, prioi arruntak aldarazten jarraitzen zuten unitate berriak sortu ziren. Horrela, naturan gerta zitekeena anplifikatu egin zuten. Ziklo hori nahi adina aldiz egin daiteke, eta prioi kaltegarri gutxi batzuetatik erraz antzemateko moduko kantitatea lortzen da.
Behi eroen gaitza detektatzeko erabilgarria izatez gain, prioi eraldatuak odolean ere detekta daitezkeela diote ikertzaileek. Gainera, prioien teoria baieztatzen du lan horrek, eta gaixotasunaren aurkako sendagaiak asmatzeko lagungarria izango da.
Bestalde, Alzheimerraren jatorria, entzefalopatia espongiformeetan bezala, proteinen itxuraldaketan datza. Beraz, Serono Institutuaren arabera, metodo hori Alzheimerra antzemateko ere erabil daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia