Prioek espezieen arteko mugak zeharkatzen dituzte
2001/03/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
BSE eragiten duten proteinak prioi arrunten aldaera anormala dira. Nolabait prioi arrunten itxura aldaraztea lortzen dute eta, denborarekin, aberearen burmuineko prioi guztiak itxura patogenoa dute. Gaixotasuna prioien aldaera patogenoak ugaritzearen edo proteina osasuntsuak urritzearen ondorioa dela uste dute.
Hala ere, prioiek espezie batetik besterako jauzia nola eman duten da ikerlarien kezkarik handiena. Batzuen ustez, prioi patogenoak hain dira malguak, ezen hainbat itxura har baititzakete espeziearen arabera, bata beren jatorriko espeziean gaixotasuna sortzeko eta bestea bigarren espezie batean. Beste teoria batek, berriz, beste eragileren baten beharra duela dio, adibidez, oraindik ezagutzen ez den beste proteina batena.
Galdera horien erantzunak ugaztunetan bilatzea oso da zaila, ugaztunen prioi patogenoak laborategian sortzea ez delako lortu eta, gainera, infektatutako ehunen laginek beste substantzia batzuk ere izaten dituztelako prioiez gain. Horregatik, Kaliforniako Unibertsitateko Peter Chien eta Jonathan Weissman-ek bi legamia espezie (Candida albicans eta Saccharomyces cerevisae) erabili dituzte espezieen arteko jauzia nola ematen duten ikertzeko. Izan ere, legamiekin lan egitea teknikoki askoz errazagoa da, baita merkeagoa eta azkarragoa ere.
Legamia-zelulek sup35 izeneko prioia ekoizten dute eta, ugaztunen prioi gehienek bezala, legamia baten sup35 arruntak ezin dio beste legamia espezie bateko sup35 prioiari eragin. Espezie bateko prioiak beste espezie bati eragiteko, bi espezieen prioiek zenbaterainoko antza izan behar duten jakin nahi zuten ikerlariek. Horretarako, bi legamien prioi-zatiak itsatsiz, prioi kimerikoa sortu zuten, hau da, naturan ez dagoena.
Beraien ustez, prioi patogenoen bukaera batek bakarrik zuen prioi arruntak ezagutu eta haien itxura aldarazteko gaitasuna. Beraz, prioi kimerikoak bi espezieetako bati bakarrik eragingo ziola espero zuten. Alabaina, kimerak bi legamia-espezieen sup35 prioiek kimeraren itxura hartzea lortu zuen.
Azterketa horrek prioiek itxura patogeno bat baino gehiago har dezaketela erakusten du eta beste proteinei eragiteko gai dela. Gainera, horretarako ez du beste proteinen laguntzarik behar.
Orain ugaztunetan egin behar dituzte saioak, legamietan ikusitakoa ugaztunetan ere gertatzen dela egiaztatzeko. Izan ere, ikerketa hori oso garrantzitsua den arren, ugaztunen proteinak oso ezberdinak dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia