Elhuyar zientziaren komunikazioa

Prime edizioa, gene-ediziorako teknika berria

2019/10/23 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

prime-editing-gene-ediziorako-teknika-berria
Arg. pixabay

Nature aldizkariak oihartzun handia izan duen ikerketa bat argitaratu du: gene-ediziorako sistema berri eta eraginkorra diseinatu du David Liu Harvard eta MITeko ikertzailearen taldeak, ustez gaixotasunei lotutako giza mutazio genetikoen % 89 zuzentzeko balio lezakeena. Prime edizioa deitu diote teknika berriari, edizio bikaina egiteko gai dela adierazi nahian. CRISPR teknika ezagunean oinarrituta diseinatu dutela adierazi dute.

CRISPR teknika duela 6 urte diseinatu zuten, bakterio batzuen defentsa-sisteman oinarrituta. Birusek bakterioei eraso egiten dietenean, beren material genetikoa bakterioenean txertatzen dute; bakterioek, orduan, defentsa gisa, material genetiko inbaditzaile hori moztu eta kanporatu egiten dute. Ikertzaileek bakterioen sistema hori egokitu zuten geure material genetikoa nahi bezala moztu eta ordezko bat txertatzeko: Cas9 proteina diseinatu zuten, guraize batzuen erara funtzionatzen duena. Arazoa da guraizeak ez direla nahi bezain zehatzak, eta behar ez den tokietan ere mozten dutela DNA. Prime edizioa metodo berriak, ordea, Cas9 guraizeen aldaera bat erabiltzen du: DNAren harizpi bakarra mozten duena, biak beharrean.

Birus batzuek darabilten alderantzizko transkriptasa bat ere badarama Liuren makina molekular berriak: RNA kopiatu eta harizpi bikoitzeko DNA sortzeko gai den proteina bat. Hala, aldatu nahi dugun DNA zatia identifikatzen duen RNA aprobetxatuta, RNA horrek pegatuta daraman sekuentzia kopiatu dezake alderantzizko transkriptasak, mutazioa zuzenduta, baina DNAren bi helizeak mozteko arriskurik hartu gabe.

Koldo Garcia Etxebarria, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko genetikaria.

"CRISPR teknika aurkeztu zenean, gene-edizioaren garai berri bat abiatu zen”, aitortu du Koldo Garcia Etxebarria Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko genetikariak, edozein laborategiren eskura jarri baitzuen edizio genetikoa. “Orduan uste zen lanabes horrek genomak modu zehatzean editatzea ahalbidetuko zuela. Gerora ikusi da, baina, teknika horrek nahi gabeko aldaketak ere egiten dituela eta editatu nahi den eskualdetik kanpoko edizioak egiten dituela”. Gizakietan erabiltzeko beldurra sortu zuen horrek, arazo genetiko bat konpontzeko bidean, beste batzuk sor baititzake. “Prime edizioa teknika berriak arazo horiek saihesten dituela dirudi”, dio Garciak. “CRISPR teknikan ez bezala, DNA harizpi bakar bat mozten da; hortaz,  ez da beharrezkoa zelulak DNAn egiten diren mozketa horiek konpontzea”.

Lehenengo ikerketa honetan, zientzialariek 175 ediziotik gora egin dute giza zeluletan, eta eraginkorra eta segurua dela azpimarratu dute. “Badirudi edizio laburrak egiteko aproposa dela teknika berria eta, horrek, gene-gaixotasunak sortzen dituzten mutazioak editatzea ahalbidetu dezake”, azaldu du Garciak. Gaixotasun arraroak sendatzeko esperantza txiki bat ireki du teknika berriak, baina tentuz hartu du genetikari bilbotarrak: “Lanabes berri bat den heinean, ikertzaileen erreminta-kaxa aberasten du. Orain, erabilera beste zelula eta organismoetara zabaltzerakoan, ikusi beharko da zeintzuk diren bere mugak. Hasieran dena posible dela dirudi, baina, esperimentuak gauzatzen diren heinean, hasierako berotasuna hoztu egin ohi da. CRISPR teknikarekin gertatu zen bezala".

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia