}

‘Pride of Bilbao’ itsasontzi komertzialak ozeanoa aztertzeari ekin dio

2002/06/06 Elhuyar Zientzia

Ozeanoaren bihotza hobeto ezagutzen saiatuko da Portsmouth-Bilbo itsas ibilbidea egiten duen P&O barku komertziala. Hemendik aurrera, bidaiariak eta materialak garraiatzeaz gain, beste eginkizun bat ere izango du barku horrek: sentsore zientifiko batzuei esker, Portsmouth-etik irten, Cherbourgo kanala zeharkatu eta Bilbora iristen den ontziak itsas-zati hori aztertuko du.

Barkuari erantsiko zaizkion sentsore batzuek, besteak beste, uraren tenperatura, gazitasuna eta fluoreszentzia neurtuko dituzte. Datuak barku azpian kokatutako sentsoreetatik itsasontzi barneko monitore batzuetara pasako dira. Ondoren, ordenagailu batzuek datu denak ordenatu eta barkuko zubira bidaliko dituzte handik satelite bidez Southampton Ozeanografia Zentrora igortzeko. Zentro horretako zientzialariek, ozeanoaren egoera hobetzeko asmotan, arreta handiz aztertuko dituzte datu denak. Lehendik ere, noizean behin, zientzialariek barkuan egiten dute bidaiarik, itsasoan bizi diren zetazeoak eta hegaztiak ikusteko.

Etorkizunean sistema hori bera Europako beste itsas gune batzuetan ere erabili nahiko lukete, besteak beste, Baltikoan, Irlandako kostaldean eta Mediterraneoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia