}

Prest da EPOaren proba

2000/06/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Kirolariei EPOaren (eritropoietina) hormona detektatzeko proba berria nola egingo den argitaratuko du Nature zientzia aldizkari ospetsuak gaur. Eritropoietina odoleko zelula gorrien sorrera eragiten duen hormona da (eritropiesia). Txirrindulariek eta beste atleta batzuk hormona hori legez kanpo erabiltzen dute giharretako oxigeno kantitatea handitzeko. Horrek etekin fisikoa ere handitzen du, ahalmen aerobikoa hobetzen duelako.

Hormona kirolarien gernuan detektatu ahal izango da hemendik aurrera.

Nazioarteko Batzorde Olinpikoak kirolean substantzia hori erabiltzea duela hamar urte debekatu zuen. 1998ko Tourrean izan zen iskanbila EPOan izan zuen jatorria. Orduan, beste hainbat kiroletan ere ohiko dopina zela argira atera zen. Gernu probetan detektaezina gertatzen zen substantzia, proba egokirik ez zegoelako. Baina orain, Parisen, dopinaren kontrako Frantziako laborategi nazionaleko zientzialariek proba berria prestatu dute. Nature zientzia aldizkariak gaurko alean emango du horren berri.

Lehen urratsa, molekularen egitura

Oraingoan, Frantziako zientzialariek ezaugarri ezberdinak topatu dituzte, oso txikiak badira ere, bi EPO moten artean. Gernuaren barruan molekulak duen egitura zehaztea izan da lehen urratsa. EPO naturalak besteak baino talde azido gehiago dituela aurkitu zuten eta, ondorioz, karga banaketaz bereiz eta banatu daitezke biak. Egitura gorputzaren barruko prozesuetan alda liteke, zientzialarien ustez.

Probaren eraginkortasuna neurtzeko izoztutako 102 gernu lagin erabili dira, guztiak 1998ko Tourreko parte-hartzileen odoletik hartutakoak. Hogeita zortzitan EPOren kontzentrazio handiak zeuden. Besteak kontzentrazio detektagarriaren azpitik zeuden. Hamalau lagin kontzentratuenak erabili ziren EPO artifizialaren aztarnak bilatzeko, eta guztietan mota horretako egitura aurkitu zuten. Metodo berria baliagarria da proba luzeak dituzten kiroletan.

Gainera, sei hilabetez etengabe hartutako EPOa ere atzeman daiteke. Hala ere, zientzialariek adierazi dute proba berria konpetiziotik kanpo erabili beharko litzatekeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia