}

Poluzioak heriotzak eragiten ditu Asian

2003/10/14 Elhuyar Zientzia

Airearen poluzioak arnasbideetako gaixotasunak eragiten ditu, Asian urtero 1.500.000 pertsona hiltzen dira horren eraginez.

Airearen poluzioak milioi eta erdi pertsona hiltzen ditu urtero Asian, gehienak hirietako edo hirien inguruetako biztanleak, Munduko Osasun Erakundearen arabera. Erakunde horrek Manilan duen egoitzan aurkeztu duten txostenaren egileek adierazi dutenez, poluzioaren ondorioz sortzen diren arnasbideetako gaixotasunak Asiako hirietako biztanleen arazo nagusietakoa bilaka daitezke. Izan ere, hiriak bizkor-bizkor hazi dira, ekonomia-, zerbitzu- eta azpiegitura-beharrei erantzuteko. Hazkunde bortitz horrek bortxakeria, ingurumenaren degradazioa, eta txirotasuna eragin ditu, besteak beste.

Airearen poluzioan ere eragin nabarmena izan du, eta, OMEk dioenez, Asiako hirietako biztanle gehienek arnasten duten airean sulfuro dioxido gehiegi dago. Egoera horretan, kaltetuenak herritar xume eta txiroenak dira, haientzat ez delako erraza osasun-baldintza eta etxebizitza egokiak zein oinarrizko beste zerbitzu batzuk eskuratzea.

Argazkian, Malaysiako Kuala Lumpur ageri da, trenbide arineko trena laino eta ke artean Petronas dorre famatuen aurretik pasatzen ari dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia