Elhuyar zientziaren komunikazioa

Plutonen lau ilargi txiki bitxiak

Huble Espazio Teleskopioak hartutako irudietan oinarrituta Plutonen lau ilargi txikien hainbat ezaugarri eman dituzte

2015/06/03 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

plutonen-lau-ilargi-txikiei-buruzko-datu-berriak
Huble Espazio Teleskopioak 2012an ateratako argazkia. Lau ilargi txikien orbitak marraztuta. Arg. NASA, ESA, and L. Frattare (STScI)

Plutonen lau ilargi txikiei buruzko ondorio berriak atera dituzte, Hubble Espazio Teleskopioak hartutako irudietan oinarrituta. Estix, Nix, Zerbero eta Hidraren dinamika eta hainbat ezaugarri fisiko aztertu dituzte gaur Naturen argitaratu duten lan batean.

Pluton planeta nanoak eta haren ilargi handienak, Karonek, osatzen duten sistema bitarraren inguruan, beste lau ilargi txiki daude. Laurak azken hamarkadan aurkitu dira, eta ezer gutxi dakigu haiei buruz. 2005ean Nix eta Hidra aurkitu ziren, 2011n Zerbero, eta 2012an Estix, denetan txikiena. Denak dira Karon baino askoz txikiagoak: Plutonen % 11 inguru da masan Karon, eta beste laurak, berriz, % 0,001 edo txikiago.

Orain, Hubble Espazio Teleskopioak lau ilargi horiei ateratako irudi guztiak aztertuta, hainbat ondorio atera dituzte M. R. Showalter eta D. P. Hamilton ikertzaile estatubatuarrek. Esaterako, emaitzek iradokitzen dute Estix, Nix eta Hidra ilargien orbitak lotuta daudela (Laplacen erresonantzia deitzen zaionaren bidez). Bestetik, Nix eta Hidra elipsoide-itxurakoak direla ondorioztatu dute, eta modu erabat kaotikoan mugitzen direla. Etengabe aldatzen den grabitate-eremu batean daudelako gertatzen da hori. Izan ere, Plutonen eta Karonek grabitate-zentru berarekiko biratzeak eragiten du haien inguruko grabitate-eremua aldakorra izatea.

Bestalde, ilargien gainazalak desberdinak direla ikusi dute. Nix eta Hidra nahiko distiratsuak dira, Karonen antzera. Zerbero, berriz, familiako ardi beltza dela dirudi, ikatza bezain iluna baita. Astronomoentzat harrigarria da halako sistema batean hain ilargi desberdinak egotea.

Laster izango dugu informazio gehiago Plutoni eta haren ilargiei buruz. Izan ere, Plutonera bidean da NASAren New Horizons zunda. Uztailaren 14an pasako da Plutonen ondotik, eta apirilaren bukaeran hartutako irudi hauek erakusten dutenez (behean), dagoeneko bistan ditu Pluton eta Karonez gain, lau ilargi txikiak ere. “Plutok sorpresak ematen jarraituko du New Horizons uztailean pasatzen denean --esan du Showalter-ek gaur NASAK eman duten prentsaurrekoan-- Hublle teleskopioarekin egin dugun lana ez da zain dugunaren aurrerapen bat besterik”.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia