}

Pluton ikertzeko misioa martxan berriz

2001/11/09 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bush-ek bertan behera utzarazi zuen Plutonera zunda bidaltzeko proiektua, baina Planetary Society elkarteak Estatu Batuetako kongresuan aurkeztutako ekimenak biltzarkideen babesa jaso du, eta Pluto-Kuiper Belt misioa abian da berriz.

Estatu Batuetako kongresuak Plutonera zunda bidaltzeko ekimena bultzatzea onartu du. Bush-en gobernuak diru-laguntzarik gabe utzi zuen Pluton ikertzeko proiektua, baina orain kongresuak 30 milioi dolarreko diru-laguntza onartu du Pluto-Kuiper Belt misioarentzat. Diru hori espaziontzia prestatu, beharrezko tresneria garatu eta jaurtiketa egiteko erabiliko da. NASA berehala hasiko da misioaz arduratuko den lan-taldea osatzen.

Gure sistemako planeten artean Pluton da esploratu gabe jarraitzen duen bakarra. Pluto Kuiper Belt ekimena martxan dago, beraz, baina Bush-ek ezarri dizkion oztopoek atzeratu egin dute misioa. Zaila izango da 2006. urtea baino lehenago jaurtitzea Plutonerantz abiatuko den zunda, eta, beraz, hasierako aurreikuspenen aldean bi urteko atzerapena izango du. Hamarkada honetan, Jupiterren grabitate-indarraz baliatuz espaziontziak Plutonera iristeko duen azken aukera 2006an izango da. Misioak 10-12 urte inguru iraungo duela uste dute adituek.

Pluton-Kuiper Belt misioiak planeta misteriotsu horri buruzko informazioa biltzea du helburu. Pluton, Eguzki Sistemako azken planeta izateaz gain, txikiena ere bada, 2.200 kilometroko diametroa baitu. Planetary Society-k ahalegin handia egin du kongresukideak Plutonen ikerketaren garrantziaz konbentzitzeko eta azkenean lortu egin du, Bush-en gobernua aurka izan arren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia