Pluton ikertzeko misioa martxan berriz
2001/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetako kongresuak Plutonera zunda bidaltzeko ekimena bultzatzea onartu du. Bush-en gobernuak diru-laguntzarik gabe utzi zuen Pluton ikertzeko proiektua, baina orain kongresuak 30 milioi dolarreko diru-laguntza onartu du Pluto-Kuiper Belt misioarentzat. Diru hori espaziontzia prestatu, beharrezko tresneria garatu eta jaurtiketa egiteko erabiliko da. NASA berehala hasiko da misioaz arduratuko den lan-taldea osatzen.
Gure sistemako planeten artean Pluton da esploratu gabe jarraitzen duen bakarra. Pluto Kuiper Belt ekimena martxan dago, beraz, baina Bushek ezarri dizkion oztopoek atzeratu egin dute misioa. Zaila izango da 2006. urtea baino lehenago jaurtitzea Plutonerantz abiatuko den zunda, eta, beraz, hasierako aurreikuspenen aldean bi urteko atzerapena izango du. Hamarkada honetan, Jupiterren grabitate-indarraz baliatuz espaziontziak Plutonera iristeko duen azken aukera 2006an izango da. Misioak 10-12 urte inguru iraungo duela uste dute adituek.
Pluton-Kuiper Belt misioak planeta misteriotsu horri buruzko informazioa biltzea du helburu. Pluton, Eguzki Sistemako azken planeta izateaz gain, txikiena ere bada, 2.200 kilometroko diametroa baitu. Planetary Society-k ahalegin handia egin du kongresukideak Plutonen ikerketaren garrantziaz konbentzitzeko eta azkenean lortu egin du, Bushen gobernua aurka izan arren.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia