}

Plazeboa: Parkinsonen gaixotasunaren beste sendagaia

2001/08/13 Astobiza, Amaia

Zenbait adituren ustez, plazeboak Parkinsonen gaixotasunaren tratamenduan erabiltzen den sendagaiaren efektu bera du

Kanadan, Vancouver-ko British Coulombiako Unibertsitatean, Parkinsonen gaixotasuna tratatzeko erabiltzen den sendagaiaren eraginkortasuna ikertu dute. Horretarako, bi gaixo-talde aztertu dituzte: alde batetik, sendagaia hartzen ari ziren gaixoak; bestetik, sendagaiaren ordez plazeboa hartzen ari zirenak.

Plazeboa gaixotasunen aurka eraginkortasunik ez duen substantzia da. Gehienetan, gaixoak hartu nahi duen baina, hainbat arrazoirengatik dela ere, hartu ezin duen sendagaiaren ordez agintzen du medikuak. Gaixoak tratamendua hartzen ari dela uste duenez, ‘sendagaia’ benetan eraginkorra izan daiteke. Ikusi denez, trikimailu hori kasuen % 30ean da eraginkorra. Hori guztia kontuan hartuta, gaixoaren eragin psikologikoa guztiz baztertu eta botikaren benetako eragina aztertzeko erabiltzen da plazeboa ikerketetan.

Kasu honetan, Kanadako zientzialariek lortutako emaitzen arabera, badirudi Parkinsonen gaixotasunaren aurkako sendagaiak eta plazebo hutsak modu berean eragiten dutela. Hau da, burmuineko dopamina-maila modu bertsuan igoarazten dute biek.

Parkinsonen gaixotasuna nerbio-sistemaren gaixotasuna da, eta garunean dopamina gutxi dagoenean agertzen da. Dopamina neurotransmisorea da, hau da, neuronen artean seinalea garraiatzen duen bitarteko kimikoa. Bitarteko gutxi dagoenean, neuronen artean informazioa transmititzeko bideaeten egiten da. Ondorioz, mugimendua kontrolatu eta koordinatzeko arazoak izaten dira, muskuluak zurrundu egiten dira eta, geldirik egonda, muskuluetan dardara geldiezina agertzen da. Horregatik, gaixotasunaren aurkako tratamenduek dopamina-maila igotzea dute helburu.

Rhode Island-go Brown Unibertsitate Eskolako Jon Friedman adituaren arabera, nahiz eta sendagaiak eta plazeboak efektu bera dutela jakin, Parkinsonen gaixotasunaren aurkako sendagaia hartzen jarraitu behar da. Izan ere, zenbat eta tratamendua gehiago luzatu, orduan eta gehiago irauten du plazebo-efektuak; bestalde, efektu horrek ez du tratamenduak beste irauten.

Trikimailua izan edo ez, gaixotasuna sendatzeko edota prebenitzeko balio badu, ongi etorria izan dadila plazeboa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia