}

Plastikoa eta soia

1998/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken urteotan asko ugaritu dira soiarekin eginiko plastiko biodegradagarriak. Ez dute zabortegietan tokirik betetzen, bere kasa degradatzen baitira. Plastiko hau, ordea, ezin da nahi adina erabili, izan ere, euri-urarekin berehala, azkarregi, desegin egiten da eta, ondorioz, hainbat aplikaziotarako ez du balio.

Josua Otaigbe izeneko zientzialariak, ordea, arazo honi aurre egingo dion erremedioa aurkitu berri du. Soiaren proteinei polifosfatozko betekina eta silanoa nahastuz gero, plastiko iraunkor eta urarekiko erresistenteago bat lortzen da.

Zientzialari estatubatuarraren hitzetan, polifosfatoek, zurruntasuna eta gogortasuna ematen die plastikoei eta, silanoak berriz, uraren zurgapena eragozten du.

Laborategiko azterketetan ikusi ahal izan denez, plastiko berri hau, urtebetez ere egon daiteke ur azpian, orain arte erabiltzen zena, berriz, ordu gutxitan disolbatu egiten zen.

Aurrera begira, lurzoruan nola degradatzen den aztertuko du ikertzaileak. Edozein modutan, hainbat aplikaziotarako oso erabilgarria izan daitekeela uste dute.

Soia baliagai berriztagarria denez, eta nekazaritza-eremu zabaletan ekoizten denez, material merkea dela aitortu du Iowako zientzialariak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia