}

Planeta gorria berriro helburu.

2001/10/19 Elhuyar Zientzia


Mars Odyssey zunda Marteko orbitan sartuko da asteazkenean, egunsentian. Horrela, duela urte-erdi hasitako bidaiaren lehen zatia amaitutzat emango da. Bidaia apirilaren 7an hasi zen, Floridako Cabo Cañaveral-en. Hortaz, Mars Odyssey zundak dagoeneko 644 milioi kilometroko bidea egin du.

Zunda Marteko orbitan geratuko da eta han egingo du lana, ez da planeta gorriaren lurzorura jaitsiko. Mars Odysseyek, daraman tresneriari esker, Marteren lurzorua aztertu ahal izango du, ura bilatuko du, eta Marteko atmosferaren azterketak egingo ditu jakiteko gizakien osasunean izan dezakeen eragina nolakoa izan daitekeen.

Mars Odysseyren helburuetariko bat Marten bizitzarik egon zen ala ez erabakitzea da. Izan ere, bizitza egon ahal izateko, ur likidoa egotea ezinbestekoa da. Marteko orbitan jarriko den zundak Marteren zorupean egon daitekeen ura aurkitzeko tresneria egokia du. Mars Odissey zundaren zereginen artean, klimaren azterketak ere badu bere garrantzia. Jakina denez, gaur egun Marte hotzegia da azal-azalean ura egon ahal izateko. Dena den, ikertzaileek uste dute Marteko zorupean ura egon daitekeela, eta, horregatik, Marten egon daitekeen izotza urtaroen arabera aztertuko dute. Era berean, Mars Odisseyk azterketa geologikoak egingo ditu, elementu kimikoak eta mineralak ikertuz. Azkenik, atmosferaren ezaugarriak bilduz, zundaren beste helburu bat datozen urteotan gizakia planeta gorrira eraman ahal izateko ikerketak egitea da. Horretaz gain, Mars Odysseyk 2003-2004 urteetan Marteko lurzorura bidali nahi diren zunden komunikazio-sistemekin zubi-lana egingo du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia