Planeta beroagoa, gizakia ala Eguzkia?
2000/10/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Eguzkiak kliman eragina duela esan beharrik ez dago, baina zenbateraino? Izarraren jardueran izaten diren gorabeherak zein neurritaraino islatzen dira Lurrean? Azken urteetako ikerketek Eguzkiaren jarduera eta klima-aldaketaren artean lotura handia dagoela erakutsi dute. Horra hor, beraz, gure planetaren berotze globalaren ekuazioari gehitu beharreko beste aldagai bat.
XX. mendearen hasieratik Lurra jasaten ari den berotze azkarraren arrazoiak bilatzean segituan hasten dira duda eta eztabaidak. Gehienen arabera giza jarduera dago guztiaren atzean: atmosferara berotegi-efektua eragiten duten milioika eta milioika tona gas igorri ditugulako ari da berotzen Lurra.
Horren aurrean neurri zorrotzak hartzeko beharraz hitz egiten ari dira aspaldian etengabe. Hain zuzen, hemen ere behin baino gehiagotan aipatu dira klima-aldaketa eta horren inguruko ika-mikak.
Lurrak hainbat hozte- eta berotze-ziklo pasatuta zituen jada, ordea, gizakia agertu eta erregai fosilak barra-barra kontsumitzen hasi zenerako. Klima, beraz, arrazoi naturalak direla medio lehenago ere aldatu da. Baten batek galde dezake gaur egun gertatzen ari dena ziklo natural horietako baten parte ez ote den izango, eta ez zaio arrazoirik faltako. Nahi izanez gero hipotesi horren aldeko argudio eta lan ugari aurki daitezke. Baina erantzun biribila nahi duenak jai dauka; izan ere, klima-aldaketaz ari garela ziurgabetasuna da gauza ziur bakarra.
1988an Nazio Batuen eta Munduko Meteorologia Erakundearen eskutik klima-aldaketaz arduratuko zen aditu-taldea osatu zen Integovernmental Panel on Climate Change (IPCC) izenarekin. Bi urte geroago plazaratutako txostenean gizakiak atmosferara igorritako gasak jo zituzten XX. mendeko berotzearen eragile nagusitzat. Orduan Eguzkia ere aztertu zen erantzule bila, baina azkenerako arrazoi hori atzera bota zuten. 1996an sei urte lehenago esandakoak berretsi zituzten bigarren txosten batekin. Eguzkitik jasotako erradiazioan gerta zitekeen edozein aldaketak gizakiak igorritako karbono dioxidoak baino eragin askoz txikiagoa zuela kliman adierazi zuten orduan. Duela egun batzuk, berriz, mundu osoko fisikariak Kanariar Uharteetako Astrofisika Insitutuan bildu ziren Eguzkiaren zikloa eta Lurreko klimaren arteko loturaz mintzatzeko.
Aldaketak Eguzkian
Sateliteen bidez jasotako datuek azkeneko bi hamarkadetan behintzat Eguzkian aldaketak gertatu direla erakutsi dute eta, horrek planeta berotzen lagundu izana posible da.
Atzera bidaia eginez gero, Eguzkian epe laburrean gertatzen diren gorabeherek klimari nola eragiten dioten ikus daiteke. XVII. mendean, Maunder-en minimoa deritzon aldian, Eguzkiak jarduera oso txikia zuen eta Europako iparraldeko eskualdeetan hotz egiten zuen. XV. mendean antzeko fenomenoa gertatu zen eta Erdi Aroan, aldiz, tenperatura eta jarduera maximoko aldia ezagutu zuten. Garai haietan, noski, ez zegoen Eguzkiaren jarduera neurtzeko sateliterik, baina zeharkako datuak eta estrapolazioak erabiliz, Europako tenperatura--fluktuazioen eta Eguzkian gertatutako gorabeheren arteko korrelazioa ezarri ahal izan da.
Ikerketa horiek duela 25 bat urte egin eta aurkeztu ziren. Orain, gaur egun bizi dugun berotze globaletik zenbat den Eguzkiak eragindakoa jakitea tokatzen da, zerikusirik baldin badu behintzat. Horretarako Eguzkiaren distira, eremu magnetikoa eta orbanak ikertzen dira batik bat. Distira gehiagok argi gehiago esan nahi du eta argi gehiagok energia gehiago. Hain zuzen, hori azaltzen da Suitzako ETHZ Astronomia Institutuko eta Alemaniako Max Planck Aeronomia Institutuko ikertzaileek aurkeztutako lanean; azken hiru mendeetan Eguzkiak igorritako argi ikusgai eta ultramore kantitatea nabarmen handitu direla.
Bestalde, Eguzkiak Lurraren inguruan eragiten duen eremu magnetikoa ere bikoiztu egin da XX. mendean zehar. Eremu magnetikoa zenbat eta handiagoa izan partikula kargatu gutxiago jasotzen ditu Lurrak eta badirudi horrek hodeien formazioan txarrerako eragiten duela, hodei gutxiago eratzen delako atmosferan. Hortik aurrera hasten den fenomenoen kateak azkenerako planeta berotzea eragiten du.
Ikerketa zail horiek guztiek Lurreko klima konplexua dela ematen dute berriz ere aditzera. Dena dela, hainbat ondorio aipagarri jaso ahal izan dira. Datu guztien arabera badirudi XX. mendearen lehen erdiko berotzea Eguzkiari zor zaiola batik bat eta bigarren erdikoa berriz giza jarduerari. Klima-aldaketaren errua beste norbaiti egotzi nahi dionak, beraz, ez dezala Eguzkira jo.
Ondorio larriak
Biltzar berean John Houghton-ek Integovernmental Panel on Climate Change-n (IPCC) hirugarren txostenaren laburpena aurkeztu zuen. John Houghton Londres-ko Hardley Centre Meteorologia Zentroko arduraduna da. Txostena 2001ean argitaratuko den arren, eduki nagusiak ezagutzera eman dira dagoeneko. Bi izango omen dira klima-aldaketaren ingurugiroaren gaineko eragin nagusiak hurrengo urteetan: itsas maila igo egingo da eta ziklo hidrologikoa biziagotu egingo da.
XXI. mendearen amaierarako itsas maila metro-erdi gorago egongo dela iragartzen da txostenean.Bangladesh, Txinako hegoaldeko eta Egiptoko kostaldeetako, Indiako Ozeano zein Ozeano bareko hainbat uharteetako biztanleek beste norabait jo beharko dute bizitzera eta herrialde askok uraren kontrako defentsak eraiki beharko dituzte.
Bestalde, planeta beroagoak planeta hezeagoa suposatzen duenez, eurite handiak maizago gertatuko dira, baina baita lehorteak ere; lehorte/uholde zikloak bortitzagoak izango dira.Horrek, dagoeneko Afrikan ikusi den bezala, eragin berezia izango du eskualde subtropikaletan.
Eguzkiari dagokionez, orain artekoari eutsi diote: Eguzkiak kliman duen eragina kontuan hartzekoa bada ere, berotegi-efektua sortzen duten gasak dira egungo egoeraren eragile nagusiak.
Zeruko argiak
Aurorak Lurreko ipar eta hego polo magnetikoen inguruan sumatzen dira, aurora-obaloa deritzon eskualdearen barruan. Ikuskizun aparta hori Eguzkiak igorritako eguzki-haizeari, kargadun partikula-multzoari, zor zaio. Zorionez magnetosfera –Lurraren eremu magnetikoak babesten duen eremua– partikula horiek desbideratzeko gai da, bestela Lurrean bizitzea ez litzake xamurra izango eta. Baina aldi berean, aurorez gozatzeko aukera ematen digu, partikula kargatuak magnetosferaren mugetara iristen direnean sortzen baitira haiek.
Partikulek oso altitude handian dagoen oxigenoarekin talka egitean aurora gorriak sortzen dira, eta talka altitude txikiagoan gertatzen denean, aurorak horiak eta berdeak izaten dira. Azken hauek dira, hain zuzen, maizen ikusten direnak. Partikulek nitrogenoarekin talka egitean, berriz, kolore urdina ematen dute. Auroren ertzetako koloreak ere nitrogenoarenak dira. Baina irudikatzea baino hobea ikustea da. Horretarako, Islandia, Eskandinavia, Alaska edo Kanadako iparraldera hurbiltzea besterik ez daukazu; bestela, Antartika ere hor dago. Aurorarik politenak neguan ikusten dira, zerua ilun denean, baina ekinozioak ere, martxoan eta iraila-urrian, ez dira hurbiltzeko garai txarra.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia