}

Plan estrategikoa lantzen hasi da Donostiako Udala

2000/11/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Egitasmoa martxan jartzeko, lehen bilerak egin ditu hiriko eragileekin. Hirian lanean ari diren eragileekin estreinako bilerak egin ditu Donostiako Udalak plan estrategikoa prestatzeko. 2002. urterako nahi du martxan jarri Donostiako Udalak plan estrategikoa. Plana hasiera-hasierako fasean dago.

DONOSTIAN ikerketa eta berrikuntza indartzeko zer egin daiteke? Galdera horri erantzun nahian, Udalak dagoeneko egin du lehen bilera arlo horietan Donostian lanean ari diren eragileetako batzuekin. Bilera horretan, izan zen Miramongo parke teknologikoko ordezkaritza, Inasmet eta Ceit-eko zentro teknologikoetakoa, Inbiomed zentrokoa, unibertsitatekoa, MCCko Javier Retegi eta, jakina, Udalekoa —alkatea, teknikariek lagunduta—. Iritzi trukerako bilera hori Udalaren plan estrategikoaren barru- an kokatu behar da.

Izan ere, Donostiako Udalak dituen egitasmoen artean, hurrengo urteetarako plan estrategikoa dago. Plana, oraingoz, hasiera-hasierako fasean dago; hau da, plana bera egituratzen hasi baino lehen Udala hainbat alorretako eragileekin bilerak egiten ari da. Bilera horien bidez, Donostiako Udalak plan estrategikoa bideratu ahal izateko iritziak jaso eta informazioa eskuratu nahi du. Plan horretan hainbat arlo hartuko dira kontuan; tartean dago teknologia berriei eta produkzio kulturalari dagokiona, jakintzaren hiriari hain zuzen ere. Arlo horretan hainbat gai aztertuko dira: Ikerketa eta Berrikuntza, Informazioa eta Komunikazioa, Multimedia Produkzioa, Administrazio Publikoaren Modernizazioa, Mugikortasuna, Kalitatea eta Bikaintasuna, eta Hizkuntzarekiko Ardura. Teknologia berriekin eta produkzio kulturalarekin batera, beste hiru ere aztertuko ditu Udalak: Donostia eta bere lurraldea, Jasangarritasuna Gizartearen Kohesioaren ikuspe-gitik, eta Gobernagarritasuna.

Ikerketaren eta teknologiaren inguruan lanean ari direnekin egindako lehen bilera horrek iritziak jasotzea zuen helburu, baina gauzaren bat edo beste zehazteko ere balio izan zuen. Esate baterako, harrezkero udal ordezkariek badakite Arrasateko MCCko eredua Donostian ezartzea zaila izango dela, eta Udalak berak ikerketa eta berrikuntzaren alorrean esku hartu behar duela. Izan ere, bileran Javier Retegik MCC Arrasaten garatzen ari den proiektua aurkeztu zuen. «Proiektu interesgarria dudarik gabe, baina Donostian garatzeko zaila, hemen ez dagoelako MCCrik», han egondako Inasmet-eko ordezkariaren hitzetan. Bestalde, Udalari berari erabakiak hartzeko premia azpimarratu zitzaion bileran. Batetik, Campus-ean dagoen ikasketa-kopurua eta ikertzaile-kopurua handitzeko ahalegina egin dezan; bestetik, osasun arloko ikerketa bultzatzea interesgarria izan zitekeela adierazi zitzaiolako, biomate- rialen arloa zehatzago esanda.

Oraindik ez dago garbi Donostiako udalaren plan estrategikoa nola bideratuko den lehen bilera hauen tartea bukatzen denean, baina 2002. urtean indarrean izan dadin plan estrategikoaren benetako lanketa datorren urtean egingo da. Udaleko teknikarien iritziz, Udalaz gain, beste eragile ugariren inplikazioa behar-beharrezkoa izango da plana aurrera atera dadin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia