}

Pitagoras

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(K.a. ~570-K.a. ~480)

Filosofo eta matematikari grekoa Samos-en sortu zen K.a. 570. urtearen inguruan, beste jaiotze-datarik ere aipatu izan bada ere. Bere familia Lemnos ingurukoa zen, baina Pitagorasek berehala utzi zuen jaioterria Egiptotik eta Ekialdeko lurraldeetatik bidaiatzeko. Pitagorasek Babilonian garatu zen matematikaren oinarria hurbiletik ezagutu ahal izan zuen, bere izena daraman teorema ospetsua berak baino mila urte lehenagotik ezaguna baitzen Babilonian.

K. a. 529. urtearen inguruan Italiako hegoaldeko Crotona herrian finkatu zen. Berton sortu zuen pitagorismo izenaz ezagutzen dugun doktrina. Pitagoras fundatzailearen jakindurian oinarritutako mugimendu erlijioso, morala, zientifiko eta politiko horretara makina bat jarraitzaile bildu zen, taldea Pitagoras hil eta urte batzuetara berebiziko boterea izatera heldu zelarik. Aitzitik, sortzailea bizirik zegoen artean Crotono-ko agintariek pitagorismoaren jarraitzaileak isilarazi nahi izan zituztenean. Hari zela eta, Pitagorasen jarraitzaileek eta Pitagoras berak ez zituzten inoiz bere teoriak idatzi eta mugimendu horri buruz dakigun guztia aho-tradizioz iritsi da guganaino.

Pitagoras-zaleek matematika, astronomia eta musika aztertu zituzten nagusiki. Unibertsoaren harmonia hartzen zuten legetzat eta oinarri horretara bildu zituzten bere teoria guztiak. Pitagorasek soinuaren transmisioa zehatz-mehatz aztertu zuen, Joniarren tradizioko ikertzaileari jarraituz. Soinuen altueraren eta lira-lokarrien luzeraren arteko erlazioa definitu zuen, lokarri horien luzera aldatuz tonu altu edo baxuak lor zitezkeela iragarriz.

Edonola ere, Pitagorasen eta pitagorismoaren ekarpenik garrantzitsuena matematika-arloan egindakoa da. Zenbakiak gauza guztien hasiera eta jatorria zirela uste zuten eta gaur egun sinplekeriatzat jo dezagun ikuspegi mistikoa zabaldu zuten. Horri esker ordea, zenbakien propietate matematikoak aztertzeari ekin zitzaion, gaur egungo matematikaren oinarrizko printzipio askok horretan dutelarik iturria.

Pitagorasen aritmetikak zenbaki osoak baino ez zituen aintzakotzat hartu. Horien arteko erlazioaz arduratu zen eta tradizioak dioenez, biderkaketa-taula berari zor zaio. Matematika erabiliz bere izena daraman teorema enuntziatu zuen, hots, triangelu angeluzuzen batean, katetoen karratuen batura hipotenusaren karratuaren berdina dela dioen teorema.

Astronomia arloan esferen teoria eratu zuen Pitagorasek. Horren arabera, kosmosa esferaz esfera eraikirik dago eta bere barruan dagoen oro harmonia sakratuaz horniturik dago; halaber, harmoniak berak zuzentzen du esfera guztien higidura. Teoria horrek berebiziko oihartzuna lortu zuen eta hurrengo mendeetan esferen legeak aztertzea izan zen astronomoen zeregin nagusia. Bistakoa denez, Kopernik, Galileo edota Kepler-en heliozentrismo-lanak Pitagorasi zor zaizkio neurri handi batean.

Pitagorasen heriotzari buruz data fidagarririk ez badago ere, K. a. 480. urtearen inguruan gertatu zela uste da. Hori baino 10 bat urte lehenago ordea, Crotona-tik Metaponte-ra ihes egin behar izan zuen erbesteraturik eta bertan aurkitu zuen heriotzak matematikari arnas berria eman zion filosofoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia