}

Piercing-a eta higienea

2001/07/05 Elhuyar Zientzia


Desmond Morris zoologoa da eta 1928an jaio zen Ingalaterrako Purton herrixkan. Animalien portaera sakonki aztertu du, eta animalien artean, gizakiarena. 1967an 'The Naked Ape' (Tximino biluzia) liburu famatua argitaratu zuen. Bertan, gizakiaren azterketa zoologiko zorrotza egin eta oraindik itzali ez den polemika sortu zuen, gizakiaren portaera ikuspuntu zoologiko hutsetik aztertu baitzuen. Lagun batek igorri digun irudi ikusgarriak Morris-ek esandako kontu batzuk aipatzeko aitzakia eman digu: piercing-aren eta higienearen arteko lotura. Izan ere, piercing-a garbiketari lotuta jaio zela esaten baitu Morris-ek bere liburuan.

Tximino biluzia

Gorputza garbi izatea funtsezkoa da animalientzat. Hegaztiek makina bat ordu pasatzen dute lumak garbitzen, eta ugaztunak ere ez dira atzera geratzen. Tximinoek, adibidez, sistematikoki garbitzen dute ilea, norberarena edo kidearena. Garbiketa soziala bai hegaztiek baita tximinoek lantzen dute, baina, batik bat, goi-mailako primateek. Garbiketara gonbidatzeko seinale bereziak asmatu dituzte. Primate batek beste bat garbitu nahi duenean, aurpegiera berezia jartzen du; ezpainak karraskatzen ditu eta, askotan, bi karraskaz behin mingaina ateratzen du. Besteak garbiketarako prest dagoela adierazteko, jarrera lasaia hartu ohi du eta, batzuetan, gorputz atalen bat erakutsiko dio, hori garbitzera gonbidatuz bezala.

Primateen artean garbiketa soziala gorputza garbi mantentzeko jarduera baino gehiago da. Taldeko kideen kolaborazioa eta loturak areagotzeko tresna da, funtzio soziala higienikoari gailendu zaio. Adibidez, garbiketaren bidez, taldeko kide ahulak kide sendoa lasaitzen du, eta bere burua salbu gorde.

Gizakiongan, ez da garbiketa soziala ematen, ez baitugu ia ileri gorputzean. Buruan daukagu gehien; baina ileapaindegian ez bada, ez diogu batak besteari ilea garbitzen. Izan ere, ileak esanahi sexual handia du gizakion artean, eta adiskidetasun-sinbolo gisa baztertu egin dugu. Hala ere, baditugu kideen arteko loturak sortu eta areagotzeko hainbat seinale, besteak beste irribarrea eta hizkera. Aldiz, tatuajeak, ilea eta bizarra moztea, manikura edo piercing-a garbiketa-ekintza gisa jaio ziren, baina helburu sexual, oldarkor edo soziala dute orain.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia