}

Papuak arriskutan

1997/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ginea Berria irla bi estaturen menpe dago. Mendebaldeko zatian, Irian-Jaya izenekoan, Indonesiak agintzen du eta bertako papuek gero eta arrisku handiagoak dituzte bizirik irauteko. Ondoezaren seinale dira Jayapura hiriburuan ehundaka aborigen armatuk burutu dituzten matxinada odoltsuak; indonesiarrek biztanleak erbesteratu edo hil egiten baitituzte.

Ginea Berriko Irian-Jaya izeneko zatian bizi diren papuek arazo larriak dituzte bizirik irauteko.

Papuen etsai nagusia Indonesiako armada da. Soldaduek egindako gehiegikeriak azalduz Eliza katolikoak txostena argitaratu du. Indonesiako gobernuak kontzesio ugari saldu die mendebaldeko meagintza- eta zurgintza-konpainiei eta hauen mertzenario bihurtu dira militarrak. Estatu Batuetako Freeport konpainiak adibidez, munduko urre meatze handiena ustiatzen du Timika izeneko lurraldean eta 50 km2 poluitzen ditu meatzearen inguruan.

Papuek duten beste mehatxu bat javatarren inmigrazioa da. Artxipelagoko irla nagusian biztanle gehiegi dagoela eta, ugari etortzen dira Irian-Jaya-ra. Inmigrazioa dela eta, ordea, lurrak lapurtu egiten dizkiete eta kultura desberdinen arteko konpondu ezinak izaten dira. Javatarrak, adibidez, musulmanak dira eta zerrikia jatea debekaturik dute. Papuen kulturan, ordea, zerria da elikadura-iturri nagusia eta trukerako erabiltzen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia