Pangearen garaiko lurrazal ozeanikoa Mediterraneoan

2016/08/17 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 360, 340 eta 320 milioi urte lurrazalak zuen itxura, eta orain Mediterraenoko ekialdean dagoen lurrazal zatia. Arg. Roi Granot

Munduko lurrazal ozeanikorik zaharrena Mediterraneoan dago, Zipre, Kreta eta Egipto artean, eta 340 milioi urte inguru izan ditzake, Nature Geoscience aldizkarian argitaratu berri duten lan baten arabera.

Lurrazal ozeanikoa etengabe berritzen da, dortsaletan sortuz eta subdukzio-eremuetan desagertuz. Hala, gehienez 200 milioi urte izatera iristen da, orohar. Salbuespena Mediterraneoko Herodotus Arroan aurkitu dute. Hango lurrazalaren adina kalkulatzeko, datu geomagnetikoak aztertu dituzte. Dortsal ozeanikoetan lurrazal berria sortuko duen magma atera eta hozten denean, mineralak Lurraren eremu magnetikoaren arabera orientatzen dira. Eta denboran zehar eremu magnetikoaren norantza aldatu egiten denez, denboraren mapa bat gelditzen da ozeanoen hondoan. Mapa hori irakurrita kalkulatu dute 315-365 urte izan ditzakeela Herodotus Arroko azalak. Ikertzaileek iradoki dute Pangea superkontinentearen garaiko Tetis itsasoaren parte izan zitekeela lurrazal zati hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia