}

Pandakumeak

2001/08/20 Elhuyar Zientzia

Panda hartz handia itxura zoragarriko animalia izateaz gain, desagertzeko arriskuan dagoen espeziea ere bada. Mundu osoan 1.000 animalia inguru besterik ez da geratzen, gehienak Txinako Sichuan probintziako mendietan. Gainera, panda hartz handiak babesteko natur guneak ez dirudi arrakasta handia izan duenik, lurralde haietan gero eta jende gehiago bizi delako lurraldea babestuta egon arren, edo babestuta dagoelako zehatzago esateko, natur guneak diru-iturri berriak ekarri baititu.

Dena den, ikerketa-zentro berezietan dituzten panda hartz handiekin populazioa ugaritzeko planak dituzte indarrean. Berez zaila da panda hartzak toki itxietan kumatzea, baina emaitza onak ari dira lortzen (besteak beste aire girotua ere jarri diete udan bero gehiegi izan ez dezaten): azken lau urteetan 60 pandatxo jaiotzea lortu dute. Eta aurtengo udazkenean ere ‘baby boom’ modukoa izateko itxaropena dute. Izan ere, 13 panda daude ernari eta, beraz 13-20 kume jaiotzea espero dute, askotan bikiak izaten dituztela kontuan izanda.

Ea guztiak ondo jaiotzen diren eta panda hartz handiaren populazioak indartzeko aukera izaten duten!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia