Paludismoaren kontrako txertoa
1994/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Manuel Patarroya ikerlari kolonbiarrak paludismoaren kontrako SPf66 izeneko txerto andui edo -zepa bat prestatu du. Egin diren probetan, tropiko aldean hain ugaria den gaitz honen kontrako emaitza onak lortu dituzte.
Paludismo edo malariaz gaixotutakoen sukarraldiak, anofele moskito emearen Plasmodium izeneko bizkarroi batek eragiten ditu eta gaitz horren kontrako borrokan bi arazo nagusi izaten dira. Batetik anofele moskitoak pestizidak gero eta errazago jasaten ditu, eta bestetik, gaixotutako pertsonen % 15-30etan klorokina izeneko sendagaiak ez du bizkarroia suntsitzen.
OME erakundearen arabera, munduan bi mila milioi pertsona baino gehiago daude paludismoak mehatxaturik eta ehun milioi pertsona gaitz honek kutsaturik. 1,5-3 milioi pertsona hiltzen dira urtero gaixotasun hau dela eta.
Hegoamerikan izandako emaitza itxaropentsuak ikusita, SPf66 izeneko anduia Tantzanian probatuko dute (esan beharra dago munduan paludismo-kasu guztien % 90 Afrikan izaten dela) eta OME erakundeak dioenez txertoa 1998.ean prest izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia