}

Paleolitikoko margoak aurkitu dituzte Errenteriako kobazulo batean

2013/12/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

paleolitikoko-margoak-aurkitu-dituzte-errenteriako
Aitzbitarte kobazuloan aurkitutako margoetako bat. Arg. Joseba Rios Garaizar.

2012an, orain arte ezagutzen ez ziren margo batzuk aurkitu zituen arkeologo-talde batek Aitzbitarte IV kobazuloan (Errenteria, Gipuzkoa); azterketak egin ondoren, orain argitaratu dituzte emaitzak, Munibe aldizkarian.

Ikertzaile-taldeko kide Joseba Rios Garaizar arkeologoen arabera, ez dute zalantzarik margoak Paleolitikokoak direla, baina, “zoritxarrez”, ez dute aukerarik kronologia zehazteko, ezta haien esanahia ezagutzeko ere. Kobazuloaren barrunbean eta sarreran daude margoak: barrunbean dauden arrastoak zarakar estalagmitiko batez erdi estalita daude, baina animalia-itxura dutela dirudite; sarrerakoa, berriz, orban zirkular bat da, kolore gorrikoa.

Margoak ikusgarriak ez diren arren, ez dira hutsalak, inondik inora ere. Izan ere, Gipuzkoako beste lau kobazulotan ere aurkitu izan dira margoak, baina, orain arte, inoiz ez lurraldearen ekialdean. Barandiaranek eta Altunak, ordea, aspaldi erakutsi zuten Goi Paleolitoan bazirela gizakiak Aitzbitarte inguruan, eta arte higigarriaren adibide batzuk ere topatu izan dira. Hortaz, margoak aurkitu izanak indartu egiten du eremu hura bizileku garrantzitsua izan zela babesten duen hipotesia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia