}

Pagemaker autoedizio-programa

1988/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Autoedizioaren mundua zabaltzen doan neurrian, ordenadoreari erraztasun eta bitarteko gehiago eskatzen zaio. PageMaker dugu hauetako bat.

Autoedizioaren mundua zabaltzen doan neurrian, ordenadoreari erraztasun eta bitarteko gehiago eskatzen zaio. Hasieran testua lantzea nahikoa baldin bazen ere, geroago irudiak eta grafikoak egin ahal izatea beharrezkoa ikusi zen eta azkenean, nola ez, orrialdeen muntaia; hau da, testu eta irudien banaketa etab. egiten laguntzen duten programak asmatu dira. PageMaker dugu hauetako bat. Hasiera batean Apple Macintosh eta Laser Writer inprimagailuarentzat garatua izan zen, baina jadanik kalean daude PCetarako sortu den bertsioa eta Apple Macintosh-entzat sortu den 2.0 bertsio berria.

PCetarako sortu den bertsioak, Microsoft-en Windows ingurunean funtzionatzen du. Aplikazio desberdinetako grafikoak onartzen ditu; esate baterako Windows Paint, PC Paint Brush eta PC Paint aplikazioetan egindako grafikoak. PageMaker PCk beste utilitate gehigarri batzuk ere eskaintzen ditu: hitzen zatiketa automatikoa etab. Pakete honekin 128 orrialdeko dokumentuak sor daitezke.

Apple Macintosh-entzat sortu den PageMaker 2.0 bertsioak, 20 funtzio berri baino gehiago ditu; beraietako askok erabiltzaileen eskaerei erantzun asmoz sortuak. Hauen artean kerning-a, hitzen zatiketa automatikoa, bi orrialde aldi berean ikusteko posibilitatea, 128 orrialdeko dokumentuak sortzeko aukera eta PC bateragarrientzat plazaratutako testu-lanketen bidez sortutako dokumentuekin duen bateragarritasuna dira aipagarrienak.

Bestalde, Apple Macintosh-entzat PageMaker 2.0 bertsioaren salmenta-prezioa 99.000 pta.koa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia