}

Ozono-geruza, inoiz baino ahulagoa Artikoan

2011/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ozono-geruza, inoiz baino ahulagoa Artikoan
2011/06/01 | Elhuyar
Hodei estratosferikoak Artikoko zeruan. Arg.: R.J. Salawitch/AWI.

Udaberri honetan, Artikoaren gaineko ozono-geruzaren galera inoizko handiena izan da, Metereologiaren Mundu Erakundearen arabera (MME). Erakunde horren idazkari nagusi Michel Jarraudek jakinarazi duenez, egoerak garbi erakusten du giza jardueraren ondorioz askatutako substantzien eragina nozitzen jarraitzen duela estratosferak.

Hain zuzen ere, ozono-geruza estratosferan dago, lurrazaletik 15-35 km-ra, eta Eguzkitik datorren B erradiazio ultramorea (UVB) iragazten du. 1970eko hamarkadan, zientzialariak ohartu ziren industrian erabiltzen ziren gas batzuek, klorofluorokarbonoek eta haloiek, ozono-geruza suntsitzen zutela. Hasieran politikariek eta arduradunek inolako neurririk hartu ez bazuten ere, azkenean, 1987ko irailean, Montrealgo Protokoloa sinatu zuten 29 herrialdek. Protokolo horren bidez, ozono-geruza suntsitzen duten gasak ez erabiltzea hitzeman zuten, eta, gerora, beste 162 herrialdek ere hartu dute konpromisoa.

Alabaina, gas horiek ez dira desagertu; MMEk kalkulatu duenez, 1980. urteko mailara iristeko beharko litzatekeenaren % 10 baino ez da desagertu. Horrenbestez, oraindik antzematen zaio haien eraginari, eta, Artikoan, gainera, inoiz baino nabarmenagoa izan da aurten. Izan ere, neguan lurrazaleko tenperatura ohi baino altuagoa izan den arren, estratosferan ohi baino hotz handiagoa egin du. Kontua da estratosferan tenperatura -78 °C baino txikiagoa bada hodeiak sortzen direla, eta hodei horietan gertatzen diren erreakzioek bihurtzen dituzte gasak kaltegarri ozonoarentzat.

Egoera hori inon baino larriagoa izan ohi da Antartida gainean, baina aurten Artikoan ere antzeko zerbait gertatu da. Klima-aldaketak horretan zerikusia izan dezakeela susmatzen dute ikertzaileek, eta, beraz, ahalegin berezia egiten ari dira ozono-galeraren eta klima-aldaketaren arteko erlazioa ikertzeko. Michel Jarrauden hitzetan, "hurrengo urteetan Artikoaren egoera hurbiletik zaindu behar dugula erakutsi digu 2011ko ozono-galerak".

1
276
2011
6
003
Klimatologia; Ingurumena; Kimika
Albisteak
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia