Ostoloko estalagmitak: iraganeko klimaren adierazle eta etorkizunekoaren iragarle

2021/08/23 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken deglaziazioko erregistro paleoklimatikoa osatu dute, Ostolo haituzloko estalagmiten analisi isotopikoen bidez. Arg. Ana Moreno Caballud et al.

Ostolo haitzuloko (Arantza, Nafarroa) estalagmita batzuen analisi isotopikoetan oinarrituta, azken deglaziazioaren erregistro paleoklimatiko osoenetariko bat lortu du nazioarteko ikertzaile-talde batek, Ana Moreno Caballuden gidaritzapean (CSIC). Tartean dira Eneko Iriarte Avilés (UBU) eta Arantza Aranburu Artano ere (EHU). 

Deglaziazio hori duela 18500-10500 urteen artean gertatu zen, eta, fenomeno hark garai hartako kliman izandako inpaktuak aztertzeaz gain, gaur egungo berotzearenarekin alderatu dituzte. Lurraren Zientzien aldizkari nagusian, Geology-n, argitaratu dituzte emaitzak.

Iriartek azpimarratu duenez, lortu duten erregistroa Groenlandiako izotzetan edota Ozeano Atlantikoan lortutako zundaketen parekoa da, eta, gai batzuetan, are hobea. Horri esker, Iberiar penintsulako isurialde atlantikoan izandako aldaketa klimatikoaren xehetasunak ezagutu dituzte. Hala, ikusi dute ipar-hemisferioko latitude altuetan gertatzen diren prozesu klimatikoek eragin handia dutela Europako hegoaldeko kliman. Era berean, gaur egungo berotze antropogenikoak eragin ditzakeen aldaketak zenbaterainokoak izan daitezkeen aurreikusteko ere balio du.