}

Orno-muina konpontzen

1991/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zürich-eko zientzilari batzuek kaltetutako orno-muineko nerbio-zuntzak sendatzeko dagoen oztopo bat gainditzea lortu dute.

Bizkarrezur edo ornoen muinean dauden nerbio-zuntzen bidez, garunaren eta beste gorputz-atalen arteko komunikazioa burutzen da. Zuntz horiek istripuz edo ebakitzen badira, gero ia ez dira hazten. Gehienez ere milimetro bateko luzapen txiki batzuk ateratzen dira ebakitako nerbio-zuntzaren muturretik. Gero, zergatik jakin gabe, ez dira gehiago hazten eta muineko zuntzen artean milimetroko tartea baino luzeagoa baldin badago, kaltea konpontzeko modurik ez dago.

Zürich-eko Neurologi Ikerketarako Institutuan irakasle den Martin Schwab irakasleak eta bere taldeak, arratoien orno-muina inguratzen duen zorroan dauden substantzia kimikoak analizatu dituzte. Bertan, dirudienez nerbio-zuntzak luzatzea galerazten duten bi proteina identifikatu dituzte. Proteina horiek isolatu ondoren, ikerleek xaguei injektatu dizkiete, hauek proteina horien aurkako antigorputz espezifikoak sor ditzaten. Antigorputz horiek lortu eta berriro ere arratoi elbarriei injektatu dizkiete, emaitza harrigarriak lortuz. Nerbio-zuntzak ohi baino hamar aldiz azkarrago luzatu dira eta zentimetroa baino gehiago luzatu ere.

Oraindik azkartxo da teknika hauek pertsonengan aplikatzeko, baina hemendik urte batzuetara gurpildun aulkietan dabiltzan elbarriak oinez ikustea ez da harrigarria izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia