}

Orkek ezin entzun elkarri

2004/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldeko uretako orkak gero eta ingurune zaratatsuagoan bizi dira, eta horregatik moldatu behar izan dute elkarren arteko komunikazioa.

Komunikatzeko gero eta ‘oihu’ edo ‘kantu’ luzeagoak egin behar dituzte orkek, itsasontzien burrunbari aurre egiteko. Itsasoetako trafikoak gora egin du etengabe, eta horrek sortutako poluzio akustikoak ekarri du animalia horien portaera-aldaketa.

Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldeko uretako orkak gero eta ingurune zaratatsuagoan bizi dira, eta horregatik moldatu behar izan dute elkarren arteko komunikazioa.

Orkak aztertzen dituzten ikertzaileek aldaketa nabarmena antzeman dute animalia horiek egiten dituzten soinuetan. Ikerketa batean, 1970eko hamarkadan hasi eta orain arteko oihuen grabaketak konparatu dituzte, eta ikusi dute 1990etik hona oihu horiek asko luzatu direla. Oihurik luzeenak, gainera, inguruan itsasontziak dabiltzanean egiten dituzte.

Gero eta merkantzia-ontzi gehiago egoteaz gain, orkak ikustera doazen turisten ontzien kopurua bost aldiz biderkatu da azken hamar urteetan. Horien guztien motorrek sortzen duten burrunbari, gainera, armadaren sonar indartsuak gehitu behar zaizkio.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia