Orkatzaren kudeaketa
1996/10/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ehizak populazio guztien kontserbazioa eta garapena zihurta dezan, kudeaketa egokia ezinbestekoa da. Eta zer da kudeaketa? Populazio batetik lor daitekeen etekina areagotzeko iharduera guztien multzoa da; egokia izan dadin, bi ardatzetan oinarritu behar du:
- Populazioaren dinamika: ehizarako politika populazio-egituraren desorekak zuzentzera bideratu behar da.
- Ingurunearen karga-gaitasuna. Habitat jakin bakoitzak onar dezakeen populazioa kontrolatu behar da.
Zalantzarik gabe, kudeatu ahal izateko, dagoena ezagutu behar da eta, hortaz, tokian tokiko orkatz-populazioaren egoera ezagutu behar da. Horretarako, ehizaldietan lortutako informazioa erabil daiteke, mendian behatutako animaliaren eta arrastoen informazioarekin batera. Komenigarria da, bestalde, kudeatu nahi den esparrua 500 hektareatik gorakoa izatea, leku txikiagotan animalion mugikortasunak berak eragozten duelako populazioaren tamaina eta egitura behar bezala ezagutzea. Gainera, aztertzen ari garen eremuan animalia asko edo gutxi dagoen esan ahal izateko, gure usteak orkatz-dentsitate teorikoekin konparatu behar ditugu. Zenbait ikerlanen arabera, baso hostogalkor eta lur aberatseko 100 hektareako esparruan 10-20 orkatz egon daitezke, baina tamaina bereko koniferozko eremu pobre batean, 2-5 ale besterik ez.
Urte batean ehiza daitekeen kopuruari dagokionez, kontutan hartu behar dugu populazioak ez duela ingurunearen karga-gaitasuna gainditu behar habitatari kalterik egitea nahi ez badugu. Animali kopurua ekoizpen maximoa eman dezakeenaren arabera edukitzen saiatu behar dugu (normalki habitat jakin batek eduki dezakeena baino gutxiago, gehiegizko dentsitateak osasun-arazoak sortzen baititu). Ez dugu ahaztu behar, habitata bera ere kudea daitekeela animalion populazioak hobetzeko.
Gomendatzen diren ekintzen artean, iturriak eta putzuak garbitzea edota sastrakadi batzuk mantentzea aipa ditzakegu. Horrez gain, populazio egonkor batean, ehizatutako aleen kopuruak populazio-hazkuntzaren baliokidea izan behar du (% 25-30 gure kasuan). Animaliak kentzeko orduan, gainera, ar- eta eme-kopuru bera kendu behar da sexuen arteko desorekarik gerta ez dadin. Baliteke norbaitentzat hau harrigarria gertatzea, emeek adarrik ez dutenez, ez direlako garaikurtzat hartzen. Baina arrak besterik ehizatzen ez direnean, ar gutxi eta eme asko gelditzen da eta horrek arazoak sortzen ditu. Era berean, gazteak ere kendu behar dira, populazioaren berezko egiturari eusteko.
Kudeaketaren helburuak hauek dira:
- Inguruneak duen potentzialtasunera heltzea.
- Espeziearekiko errespetuan oinarritutako jokaerak zabaltzea.
- Ezkututan ehiztatzearen edo furtibismoaren eragina murriztea.
- Ehiza-sistema berriak bultzatzea. Normalki batidetan ehizatzen bada ere, badira sistema egokiagoak. Populazio orekatuak lortzeko egokiena zelata da, ehiztaria eta basozaina elkarrekin abiatzen direlako eta plangintzaren arabera ehizatzen delako: arra, emea, zaharra, gaztea edo dena delakoa harrapatuz.
Sexu eta adinaren ezagutza
Aurreko lerroetan aipatu bezala, kudeaketa egokia egiteko populazio horretako ale jakinak ehizatu behar dira. Horretarako sexu eta adinak bereizten jakin behar denez, hona hemen oinarrizko argibide batzuk:
Espezie honen dimorfismo sexuala nabarmena da arrek buruan adarrak dituztelako, gaztetxoegiak direnean edo adarrik gabe egoten diren tenorean izan ezik. Lehen kasuan, orkatz kume arrek 3. hilabetetik aurrera adar-konkor txikiak ageri dituztenez, bertatik ikusi ahal izanez gero, bi sexuak bereiz daitezke. Arrak adarrik gabe egoten diren sasoiari dagokionez, berriz, ipurdi aldeko orban zurian errepara dezakegu arra eta emea desberdintzeko. Arrak atzean giltzurrun-antzeko marrazki zuria du eta emeak, berriz, bihotz-itxurakoa; emeak, halaber, azpialdean ile zurizko mototsa ere badu. Gehienetan ihes egiten ikusten denez, atzeko orbana behatzea sistema egokia da sexua ezagutzeko.
Aipatutako ezaugarri hauez gain, beste gauza batzuetan ere antzeman daiteke arra edo emea den; hala nola, animaliaren itxuran (aurrealde sendoagoa dute arrek), pixa egiterakoan hartzen duen jarreran, etab.
Adinaren arabera ere, erraz bereiz daitezke urte horretan jaiotako kumeak bost hilabete bete arte; tamaina txikikoak izateaz gain, orban zuriz apaindutako larruz jantzita daudelako. Hortik aurrera, arren adarrek lagunduko digute bereizketa egiten. 11-13 hilabetekin, belarrien altuerako bi ziri-antzeko izaten dituzte. Hurrengo urtean, sasoi hobereneko arrek hiru puntako adarrak izan ditzakete eta bost urte betetzerakoan iritsiko dira tamainarik handienera. Animaliaren itxura orokorrak ere adina ezagutzen lagun lezake, gazteak lirainagoak direlako eta zahartu ahala, motelagoak diruditelako. Animalia eskuartean izanda, hortzeria ere beha daiteke.
Duela urte gutxira arte ehiza-plangintzatan askorik pentsatzen ez bazen ere, ehiza iharduera guztien kontrola ezinbestekoa dela garbi ikusten da gaur egun; azken batean, honen araberakoa izango da animalia dotore honen etorkizuna.
Iparraldean Hegoaldean baino urte gehiago daramate ungulatuak kudeatzen, baita ondorioak antzeman ere!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia