Elhuyar zientziaren komunikazioa

Oreinaren marraoa, udazkeneko abarrotsa

1991/12/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oreina Euskal Herrian diren artiodaktilo basatien artean handiena dugu. Animaliaren pisua 100 eta 200 kg bitartekoa izaten da .

Oreinak, Euskal Herrian duen banaketa-mapa.

Irailaren azken astea da Iratiko basoan. Pagoen hosto berdeak horitzen hasiak dira, eta lurrean pago-ezkurrak ugari ikus daitezke. Udako eguraldi beroen ostean, hodeiek gero eta maizago estaltzen dute zerua, eta dagoenekoz, euria eta hotza nabarmentzen ari dira inguruko haran eta hegietan. Bapatean, orroe sakon eta ozen batek isiltasuna urratu du ilunabar aldean; berehala beste batek erantzun dio lehenengoari. Minutu gutxitan, eta ezkutuko agindu bati erantzunez edo, sekulako iskanbila sortu da pagadiaren babes ilunaren baitan. Orroe bati besteak darraio, zein baino zein ozenago, zein baino zein ikaragarriago. Oreinaren marraoaldia hasia da.

Oreina marrao egiten.

Oreina Euskal Herrian diren artiodaktilo basatien artean handiena dugu. Animaliaren pisua 100 eta 200 kg bitartekoa izaten da, gurutzerainoko altuera 100 eta 140 cm bitartekoa izanik. Gainerako artidaktiloetan bezala, arra emea baino handiagoa izaten da. Ilajea normalean arrea izaten duten arren, aldakorra da urtean zehar. Uda aldera ia gorriak baldin badira, neguan itxura grisagoa ageri dute, beti ere atze aldea –izter gainak– beltzaranak izaten dituztelarik.

Bestalde, eta orkatzetan gertatzen den legez, ipurtaldea zuriska dute. Atze aldeko orbain zuri honek defentsa-funtzioa du oreinaren gisako animalia taldezaleengan. Izan ere arriskurik somatuz gero taldeko partaideren bat korrika ihesi hasten bada, gainerako taldekideek berehala ikus dezakete orbain zuria gora eta behera saltoka, arriskuaz ohartuz.

100 eta 200 kg bitartekoa izaten da oreinaren pisua, gurutzerainoko altuera 100 eta 140 cm bitartekoa izanik. Arra emea baino handiagoa izaten da.

Oreinaren anatomian deigarrien gertatzen den ezaugarria, arrek buru gainean daramaten adarrezko koroa bikaina da zalantzarik gabe. Adar hauek hezurrezko egitura sendo eta adarkatuak dira, eta animaliek araldiko borroketan erabiltzen dituzte arma beldurgarri gisa. Hala ere, eta adarren forma bereziari esker, arma hauek erabilita ez da normalean zauri larriegirik sortzen borroka horietan; adar-muturrak zirkulu handi bat eratuz antolatuta bait daude, eta ondorioz, elkarren adarrak trabatu egiten bait dira borroketan, hauek gehienetan indar-saio hutsak izaten direlarik.

Adar hauek urtero berritzea zerbidoen taldeko ezaugarria da. Otsailetik maiatza bitartean, eta arraren soinean gertaturiko aldaketa hormonalaren eraginez, adarrak, oinarria lehortuta, erori egiten zaizkie. Berehala, eta ehun egunez, arren adar berriak garatu egiten dira. Nabaria da ordea, adar berriak sortzeak animaliari eginahal metaboliko garrantzitsua eskatzen diola. Gainera, egitura hauek sortzeko lehengaiak –kaltzioa eta fosfatoak batez ere– eskuratu behar ditu, eta horretarako eroritako adarrak jan egiten ditu, aldi berean hezurretan pilatutako erreserbagaiak erabiltzen dituelarik.

Ondorioz, adarren tamaina, eta adar-muturren kopurua, animaliaren adinaren, eta batez ere sasoiaren araberakoa gertatzen da: lehen urteko oreinek mutur bakarreko adarrak garatzen dituzte; bigarren urtekoek berriz, eta elikadura- edo osasun-arazorik ez badute behintzat, hiruna muturreko bi adar garatuko dituzte; azkenik, orein helduak 24 mutur izatera ere hel daitezke.

Atze aldeko orbain zuriak defentsa-funtzioa du oreinaren gisako animalia taldezaleengan.

Adar berriak balusaren antzeko larruaz estalitako egitura baskularizatuak eta nerbioz hornituak izaki, luzakin sentikor “biziak” dira. Uztail edo abuztuan ordea, egitura hauek erabat garatuta daudenean, animaliak zuhaitz-adar eta enborren aurka igurtzika hasten dira, adarrak larrutuz eta barneko hezur odoldu eta minbera erakutsiz. Lan honen lekuko, oreinak bizi diren oihanetan erabat urratuta daude enbor, zuhamuska eta zuhaitz gazteak, seinale hauek animaliaren presentziaren adierazgarririk garbienak izanik. Irailerako berriz, eta araldia hasi baino lehen, oreinen adarrak egitura gogor eta zorrotzak dira berriro ere; emeengatiko borrokan erabili beharko dituzten arma beldurgarriak alegia.

Bizimoduari dagokionez, oreinak ugaztun taldezaleak dira, eta aralditik at, eme eta gazteak beren taldetan, eta ar helduak beraienetan bizi dira. Bestalde, oreinek egunezko iharduera dute; egunsentian eta ilunabarrean bazkatzen dira gehienbat, eta eguerdia leku babesturen batean etzanda igarotzen dute, lasai asko. Elikadura aldetik, oreinak fitofago hertsiak dira, eta batez ere belarjaleak. Zelulosa hobeki liseritu ahal izateko, ganbaratan banatutako urdail handia dute, eta berau belarrez bete ondoren denbora luzea ematen dute jakia hausnartzen, eguerdiko egonaldi luzeak lan honetan igarotzen dituztelarik. Belarra nahiago duten arren, udaberrian zuhaitz eta zuhamusken kimuak, eta neguan zuhaitzen azala eta adar-muturrak ere jaten dituzte. Udaren bukaeran eta udazkenean berriz, ezkurrak, pago-ezkurrak eta gaztainak izaten dira beren dietaren osagai nagusiak. Izan ere sasoi honetan animaliak negua pasatzeko beharko dituen gantzak eta gainerako erreserbagaiak metatu behar bait ditu.

Otsailetik maiatza bitartean, eta arraren soinean gertaturiko aldaketa hormonalaren eraginez, adarrak, oinarria lehortuta, erori egiten zaizkie.

Lehentxeago aipatu denez, oreinaren ugalketa iraila eta urria bitartean araldiarekin hasten da. Sasoi horretan, ar- eta eme-taldeek oihanaren babesa utzi, eta oihan-inguruko larreetan biltzen dira, bertara hurbiltzen diren naturzaleei ikuskizun bikaina eskainiz. Arren marroa sakon eta indartsuak hunkigarriak dira benetan, eta beren bitartez sasoian dauden oreinek erronka botatzen diote elkarri emetaldeen jabea zein den erabaki asmoz. Erritual honetan ugaltzeko ahalmena duten ar guztiek hartzen dute parte, baina hala ere sendoenak –adar bikainenak dituztenak– izaten dira nagusi bertan, gainerakoak, gazteak edo ahulak direnak, gehienetan egote hutsarekin konformatu behar dutelarik. Ar nagusiak emeak bilduta izateaz arduratzen dira, eta ar gazteren bat hauengana hurbiltzera ausartzen bada, berehala uxatzen dute.

Bestalde, benetako borrokak sasoi beretsuko orein nagusien artean bukaturik gertatzen dira, horrela arrekiko hautespen sexual zorrotza ezartzen delarik. Beraz, ale bikainenek soilik emango dizkiete geneak hurrengo belaunaldikoei. Dena dela, gerta daiteke bi ar nagusi borrokan ari direnean, momentuaz baliatuz ar gazteren batek ausardia izan eta emeren bat estaltzea. Horrela, ar nagusien arteko borrokek ezarritako hautespenari zorizko faktore bat gehitzen zaio, taldearen bilakaera genetikoari begira.

Adar berriak balusaren antzeko larruaz estalitako egitura baskularizatuak eta nerbioz hornituak izaki, luzakin sentikor biziak dira.

Kumea (normalean bakarra izaten bait da eme bakoitzeko), maiatz edo ekainean jaiotzen da. Unea iristen denean, emea, taldea utzi eta oihanean bakarrik ezkutatzen da, umeaz erditzera. Erditzea bestalde, oso azkarra izaten da, 10 minutu ingurukoa, eta orbaintxo zuriz pintarratutako kume jaioberria berehala zutitzen da. Goitik behera mihizkatu, garbitu eta usainak kendu ondoren, eta titia emanez gero, amak sasi edo belar-artean ezkutatzen du, eta tarteka baino ez zaio hurbilduko titia eman eta garbitzera, etsai harrapariren batek atzeman ez dezan. Gaztetxoak 3 edo 4 hilabete dituenerako jadanik belarra eta beste elikagai solidoak jaten hasten da, baina oraindik ere urtebetez amarekin geratzen da taldera bildu aurretik.

Oreinaren habitata asko aldatu da azken milurtekoetan, batez ere gizakiaren iharduera dela eta. Oreina beti ere oihanarekin erlazionaturiko animalia izan denik ezin uka badaiteke ere, eta arren adardura bikainak adierazten duenez, oihan itxiak ez bide dira animalia honen bizileku naturala; halako elementu bikainak ez bait lirateke aproposenak sastrakadi itxietan eroso mugitu ahal izateko. Bestalde, animalia belarjale izateak ere ideia bera indartzen du. Izan ere ez bait dira oihan itxiak belarra aurkitzeko lekurik aproposenak. Gizakiak ingurunea hain modu eraginkorrean aldatu aurretik beraz, oreinak normalean basoa eta larreak batera agertzen ziren lekuetan bizi bide ziren: oihan-ertzetan, ibai-bazterretan, zohikaztegien inguruetan, baso gaineko larre edo txilardietan, etab.etan.

Belarra nahiago duten arren, udaberrian zuhaitz eta zuhamusken kimuak, eta neguan zuhaitzen azala eta adar-muturrak ere jaten dituzte.

Geroago, gizakia oihanak botatzen eta larreak sortzen hasi zenean, oreinaren habitata ikaragarri zabaldu zen, animalia izugarri hedatuz. Azken mendeko aldaketen ondorioz ordea, ingurune apropos gehienetan gertatutako humanizazioak batetik eta ehizaren presioak bestetik, oreinen atzerakada ikaragarria eragin dute Europa osoan, eta egun ehiza-kotoetan eta babestutako lekuetan baino ez da bizi ia, beti ere gizakiaren gestiopean.

Euskal Herrian oreina aspaldi desagertu zen, batez ere ehizaren presio handiegiaren ondorioz. Hala ere, 1950.eko hamarkadan sartzen hasi ziren Nafarroa eta Arabako mendietan, hauen helburua batez ere zinegetikoa izanik. 1957.ean I.CO.N.A.k hainbat orein bota zituen Gorbeia inguruan, eta ondoren zenbait partikularrek ere gehiago bota zituzten. Era berean, Foru-Diputazioak eta Estatuko Baso-Ondasunen erakundeak oreinak sartu zituzten Nafarroako zenbait herritan:11 ale Bertizen 1956.ean; 18 Lantzen 1957.ean; eta 26 ale guztira Eugi inguruan 1955-56 eta 57.ean. Edonola ere, orein hauek zenbait eragozpen gainditu behar izan zituzten populazio egonkor samarra osatu aurretik. Batetik, botatako aleak Andaluziatik ekarriak ziren, eta ondorioz, bertako klimara egokitzeko zailtasun handiak zeuzkaten, eta bestetik isilpeko ehiztarien hozkadak ere pairatu behar izan zituzten.

Arren marroa sakon eta indartsuak hunkigarriak dira benetan, eta beren bitartez sasoian dauden oreinek erronka botatzen diote elkarri eme-taldeen jabe zein den erabaki asmoz.

Nola nahi ere, oreinak askatze guzti hauen ondorioa Euskal Herrian bi populazio zabal egokitzea izan da: bata Gorbeiaren magaletan kokaturik daukagu, eta bertako orein-kopurua 500 ale ingurukoa izan daitekeela plazaratu da; bestea berriz Nafarroako mendietan bizi da, Belateko mendietan hasi eta Izabaraino doan eremuan, eta 800 ale inguruz osotuta dagoke. Dena dela, eta kopuruei begira populazio hauek garrantzitsutzat jo badaitezke ere, beren izaera erabat artifiziala da, eta ez dago hain garbi (alderdi koalitatibotik behintzat) beren egoera zein den. Nolabait esatekotan, ehiztariek zer harrapatua izan dezaten sortutako “aziendak” dira, eta ez ekosistema orekatuan egonkor integratutako populazioak.

Alde honetatik, taldeen baitako odolkidetasun-maila, egitura demografikoak, animalien batezbesteko tamaina eta osasun-maila, etab. kontutan hartu beharreko ezaugarriak dira, baldin eta aurrera begira Euskal Herrian oreinaren iraunkortasuna eta erabateko egokitzea lortu nahi baditugu.

FITXA TEKNIKOA:

OREINA

ESPEZIEA

: Cervus elaphus
FAMILIA : ZERBIDOAK
ORDENA : ARTIODAKTILOAK
KLASEA : MAMALIOAK

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia