Ordenagailuak antibiotiko berrien bila

2020/03/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Tresna bat dugunean, erabili egiten dugu. Hori gizakion ezaugarri orokor bat da. Horren adibide argi bat adimen artifiziala da. Eta aplikatu dugun esparrua, medikuntzaren arazo handi bat: antibiotiko berrien bilaketa. Hain zuzen ere, hori da titularra: MIT institutuko adituek antibiotiko eraginkor bat aurkitu dute adimen artifiziala erabilita. Lehen aldia da, eta mundu berri baterako ataria.
Escherichia coli bakterioaren mikoskopioko irudia (x10.000) - Arg. Eric Erbe / DP

Adimen artifiziala, zaku handi bat da. Azken batean, lan oso konplexuak egiteko teknika informatikoak dira, eta haien ezaugarria da, orokorrean esanda, ordenagailuak ikasi egiten duela. Informatikariek trebatu egiten dute ordenagailua, eta trebatuta dagoenean, orduan egiten ditu lan konplexuak. Antibiotikoak bilatzea, esate baterako.

Ez da batere erraza antibiotikoak bilatzea. Oso lan konplexua da. Nolabait, bakterioen aurkako gerra bat da. Antibiotikoak bakterioak hiltzen dituzten molekulak dira. Penizilinak edo estreptomizinak, adibidez, hori egiten dute. Bakterio batzuk hiltzen dituzte. Kontua da, denborarekin bakterioek ikasi egiten dutela nola aurre egin antibiotikoei. Erresistente bihurtzen dira. Eta beraz, gizakiok antibiotiko berriak topatu behar ditugu bakterioak hiltzeko.

Lehen aldiz bilatu dituzte antibiotiko berriak adimen artifiziala erabilita, alegia, ordenagailu bati bilatzen irakatsita. Eta topatu egin dute bat, antibiotiko berri bat. Izena 2001 eleberrian agertzen den HAL9000 ordenagailuaren omenez jarri diote: halizina.

Ordenagailuak ikasi du antibiotikoak bilatzen Esclerichia coli bakterioaren hazkuntza blokeatzen duten 2.300 molekula aztertuta, eta ikasketa hori bukatu duenean, adituek eskatu diote iragartzeko zer beste molekula izan daiteke eraginkorra bakterioen kontra. Emaitza asko eman ditu, antibiotiko posible asko. Baina probatu egin behar ziren. Adituek ehun probatu dituzte, eta haietatik batek oso emaitza onak eman ditu saguetan egindako saio klinikoekin.

Beharbada, interesgarriena ez da ordenagailu batek egin duela. Interesgarriena da ordenagailuak oso modu ezberdinean egiten duela lan, gizakiokin alderatuta. Zientzialariek aztertzen dute nola hazten den bakterioa eta hazkuntza hori eten egin dezaketen molekulak probatzen dituztela. Ordenagailuak, aldiz, bilatzen du molekula bakoitzak zer efektu izan dezakeen, eta efektu horrek bakterioaren hazkuntza eteten badu, antibiotiko izateko hautagai proposatzen du. Alderantzizko bidea. Hain zuzen ere, halizinaren funtzionamenduak, itxuraz, ez du oso eraginkorra ematen: bakterioen mintza zeharkatzen duten protoiak blokeatzen ditu, eta ustez hori ez da oso estrategia suntsitzailea, baina saio klinikoetan emaitza ona izan du bakterio oso erresistente askoren kontra.

Istorio polita da, baina halizinak ere bere alde iluna izango du. Orain eraginkorra bada ere, oso litekeena da denborarekin bakterioek ikastea hura ere blokeatzen. Erresistente bihurtzearen arazoa ez da konpondu, baina oraingoz berri ona da adimen artifizialak antibiotiko berri bat topatu izana. Tresna bat dugu esku artean, eta erabili egingo dugu.