Ordenadoreen teklatua baztertzera?
1987/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Informatika-lanetan ari direnak bi edo hiru hatzekin eta begiak tekletatik kendu gabe tekleatzen ahalegin guztiak egiten ikusirik, ezin esan teklatua erremintarik egokiena denik. Badirudi frantsesek arazo honi konponbidea aurkitu diotela: teklatua baztertzea.
Duela hiru urte Xavier Maury-k mikroordenadore batek eskuz idatzitako testuak analizatu ahal izateko sistema garatzeko asmoa agertu zuenean, ezinezkoa zirudien. Espezialistek, makina handietan bakarrik egin zitekeela ziurtatzen zuten, baina Maury jaunak guzti honi kasu handiegirik egin gabe aurrera jarraitu zuen bere lanarekin. Arazoa ondo aztertu ondoren, metodo enpiriko batez iritsi zen soluziora. Zenbakizko Taula batean koordenatu-zerrendaz gordetako informazioa analizatzeko erreminta batzuk ideiatzen hasten da.
Bat kurba itxiari dagokiona, beste bat bigizta bakarrari edota dimentsio erlatiboari dagokiona. Honela, irudi- edo forma-banku bat osatu zuen, non letra, digitu eta zeinu guztien itxurak egongo bait ziren koordenatu-zerrendaz gordeak. Zenbakizko taulan idatzitako karaktereren bat identifika zezala programari eskatzen zitzaionean, karaktere horren itxura bankuko irudi edo forma guztiekin konparatzen zen; kasurik onenean karaktere zuzena ematen zuen.
Karakterea, identifikatua izan ondoren, pantailan erakusten zen eta fitxategi baten ASCII kodean gordetzen. Baina arazoa ez zen han amaitzen; idazkera normalean letrak bata besteari lotuta bait daude. Karaktereak identifikatzeko kriterio-kopurua eta denbora asko handitu behar izan ziren.
Hau ikusirik, lan honetan ari ziren injineruek zenbait anbiguotasun onartzea eta programa gaitasun autodidaktiko batez hornitzea erabaki zuten. Horrela, emandako karaktere bat identifikatzeko existitzen ziren kriterio edo ereduak aski ez baziren, errore bat gertatzen zen. Erabiltzaileak egindako zuzenketa, kontutan hartuko zuen programak eta bere aurreko kriterioen artean gordeko. Metodo honi jarraituz, programa zenbat eta gehiago erabili are eta errore gutxiago izango lirateke.
Nola agertzen da Pertsonal Writer erabiltzailearentzat? Programa, egokitzapen-sesio batez hasten da, non idazlearen idazkeraren ezaugarriak ikasiko bait ditu. Prozesu hau bi edo hiru orrialde birkopiatzean datza, ondoren programak analiza ditzan. Analisi honetatik lortutako emaitzak, lehen aipatutako datu-bankuan gordeko dira eta baita letra eta zeinu bakoitzaren kriterioak ere. Une honetatik aurrera, idazkera erregularra baldin bada, programak, errorerik gabe irakur dezake. Baina kasu hau ez da ohizkoena.
Beraz, beste idazkera batzuk ere aurrikustera behartzen du. Programaren pertsonalizazio honek, bakoitza bere irudi-bankua sortzera behartzen du. Lehendabiziko ikasketa hau burutu ondoren, erabiltzailea beste aukera batzuetara pasa daiteke. Testu-tratamendua erabili nahi izanez gero, bere irudi-bankua irekitzea nahikoa izango du. Teklatua eta xaguarekin erabilgarri zituen komando eta aukera guztiek ere eskura edukiko ditu (menuak, barneraketa, zuzenketa, etab.).
Are gehiago, 200.000 hitzez osatutako hiztegia atxeki dakioke programari. Identifikatutako letra-multzoa hiztegiko hitzen batekin bat datorren ala ez ikusiko da; letra bakar baten diferentzia badute, errore bat izan daiteke. Orduan programak, gehien hurbiltzen zaion hitza aukeratuko du eta akats ortografikoa zuzentzeko posibilitatea izango du.
Baina ez dezagun ametsik egin: errore sintaktikoen zuzenketa ez dago oraindik Personal Writeren eskuetan; ez dezagun pentsa kualifikatutako pertsona batek irakurri ezin duen testua Pertsonal Writer-ek irakurriko duenik ere. Beraz, berrikuntza honek ez du medikuen artean zabalkunde handia izango.
Dena den, kurtsibaz eta azkartasun normalez idatzitako testuak arazorik gabe irakurtzeko gai da. Errore-kopurua, mekanografia ez dakien operadore batek tekleatzerakoan egiten dituen erroreekin konparatuta, baxuagoa da. Bestalde, programa guztiak izango dira erabilgarriak, teklatua eta xaguaren beharrarik gabe.
Pertsonal Writera ez dago oraindik merkatuan. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan azken egokitzapenak burutu ondoren egongo da kalean Macintosh Plus-entzako bertsioa eta IBM PC eta bateragarrientzat hurrengo sei hilabeteetan. Eragozpen bakarra prezioa izan daiteke; 12.000 frankotik 15.000rako tartean egongo bait da, programak eta taula digitalizatzailea barne direlarik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia