Orbainik gabe osatzea
2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azalean ebakia egiten dugunean, jatorrizko egitura osatzen duten kolagenozko zuntz-sarea berriz osatu beharrean, ebakiaren bi aldeak lotzen dituzten kolageno-zuntz paraleloak sortzen ditu gorputzak. Sarea baino azkarrago sortzen diren egitura paralelo horiek dira orbainak osatzen dituztenak, eta jatorrizko azalak baino malgutasun txikiagoa izateaz gain, kolore zurixka ere badute. Zauriekiko erantzun hori antzinako beharren ondorio da: zauritutako izakia azkar osatzen ez bazen, hiltzeko arrisku handiagoa zuen eta, horregatik, larrialdiko erantzuna ematen dio gorputzak zaurien osatzeari.
Ron Coffey ikertzaileak zauriak orbainik utzi gabe sendatzeko baliagarria izan litekeen material biodegradagarria sintetizatu du. Materiala etanolez eta azido polilaktikoaren gisako polimero-zuntz biodegradagarriz osaturik dago eta aerosol moduan erabiltzen da. Polimero-zuntzak erregularki banatzen dira azalean eta oinarrizko egitura horren gainean kolagenoa sortzen duten zelulak erraz haz daitezke, azkenerako jatorrizko azalaren oso antzekoa den egitura osatzen delarik.
Aeorosola ez da oraindik animalia edo gizakiengan erabili, eta asmatzaileak baliagarria dela dioen arren, beste ikertzaile batzuk ez dira produktu berriarekiko hain baikor azaldu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia