}

Orain ehun urteko dieta aztergai

2001/10/17 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Duela urte batzuk, krisi epileptikoak pairatzen zituzten haurrak dieta bereziaz tratatzen zituzten. Orduan oso ezaguna egin zen dieta ketogeniko hura, baina berez duela mende bat proposatu zen aurreneko aldiz.

Garai hartan krisiak murrizteko aproposa zela ikusi bazuten ere, botika hobeak sortu ahala, dieta hori baztertzen joan ziren. Hala ere, epilepsia bortitza pairatzen duten haur asko botika horiekiko erresistenteak dira, eta berriz ere dieta hura ikertzera jo dute Johns Hopkins mediku-institutu ospetsuan. Zentro horretan egindako ikerketaren arabera, dieta ketogenikoa oso aproposa da gaixotasun hori duten haurren kasuan.

Dieta ketogenikoa gantz ugariko eta azukre gutxiko dieta da, eta botiken onurarik jasotzen ez duten gaixoekin erabiltzeko aholkua eman du ikerketaren arduradun John Freeman-ek. Dieta horretan, orotara elikagai gutxiago hartzen da, eta kalorien % 90 gantzak izaten dira. Haurrak hazteko ez da elikadurarik egokiena; hori dela eta, bitaminak, kaltzioa eta mineral ugari ematen dizkiete.

Mende baten ondoren, oraindik dietaren arrakastaren nondik norakoa zehazki ulertu gabe jarraitzen dute ikertzaileek, baina baliogarritzat jo behar izan dute. Badirudi dieta hori jarraitzen dutenenean, garuneko zelulek azukreak beharrean gantzak kontsumitzen dituztela. Sendagileek zergatia ulertzen ez duten arren, odolean gantzen degradazio partzialaz sortzen diren konposatu ugari azaltzen direnean, konbultsioak urritu egiten dira.

Hala ere, sendagile guztiak ez daude horrenbeste gantz hartzearen alde, epe luzera arazoak ekar ditzakeela uste baitute. Gainera, dieta urri horrekin haurren hazkuntza gelditu egiten da, eta noizean behin dieta hori hartzeari utzi behar izaten diote.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia