}

Oilo telebistazaleak

1994/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oiloak telebista ikustea atsegin du, telebistan oiloak erakusten bazaizkio. Baieztapen honek adarjotzea dirudien arren, Ontario-ko Guelp unibertsitatean egin duten ikerlan serio baten ondorio da.

Hegaztiak taldean daudenean hobeto jan eta otzanago portatzen dira horretantxe ari diren oiloak bideoz erakusten zaizkienean.

Arazoa funtsean honakoa da: hegaztiak (oilar, oilo, oilasko eta oilandak) taldean daudenean hobeto jan eta otzanago portatzen dira horretantxe ari diren oiloak bideoz erakusten zaizkienean. Edonork pentsa dezake horrek inolako garrantzirik ez duela, baina hegaztiak hazten dituenarentzat oso baliagarria da. Hegaztiak hazten dituenarentzat izan ere, behar bezala jan dezaten ezinbestekoa da, azken finean gizendu eta haragia lortzea nahi duelako.

Argitu beharra dago oilo haserre eta erasokorrek gaizki jaten dutela. Beren lagunekin borrokan hasten dira, odola isurtzeraino. Beraz, oilategietan bideoak ipini beharko ote dira? Adituek diotenez oraingoz sistema ez litzateke oso praktikoa izango, baina batek daki aurrerapenak medio hemendik urte batzuetara janaridendetan “Bideoz hazitako oiloek errundako arrautzak” errotulua ez ote dugun ikusiko.

Gaia, dena den, serio aztertu dute zientzilariek, animaliengan imitazioak eraginik zuen ala ez ikustea nahi zutelako. Jaten ari den zakurrak ondoan dagoen zakurra ere jatera bultzatzen ote zuen jakin nahi zuten. Horregatik, filmatutako oiloa pozik kakaraka ipintzen da eta horrek ikusle direnak gehiago jatera eta patxadaz egotera bultzatzen ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia