Oihan tropikalen patua
1987/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oraintsu arte Bolikosta zur tropikalen munduko esportatzailerik handienetakoa izan da, baina neurri gogorrak hartzen ez badira, hamarkada bukatu baino lehen zur-inportatzaile bihurtuko da. 1965.ean 15 milioi hektarea baso zirenak egun ozta-ozta milioi bat dira. Oraindik ere urtero 300 000 hektarea botatzen direnez, eta 5000 bakarrik landatu, etorkizuna erabat beltza da Bolikostako oihanarentzat eta baita herriarentzat ere, zura bere esportaziorik garrantzitsuena denaz ohartzen bagara.
Basoaren desagertzearen arrazoi nagusiak bi dira, agintarien axolagabekeriaz aparte noski: zura lortzeko basoen botatze intentsiboa eta nekazaritzarako lurrak lortzearren basoen erreketa. Bestalde, europear jatorriko basagintz konpainiek bertako nekazariei egozten die arazoren errua eta basoen desagertzean parteerik ez dutela diote zinikoki.
Bolikostako gobernuak basoak iraun dezan neurri gogorrak hartu ditu pasa den ekainean, baina lehenago gertatu den moduan, auntzaren gauerdiko eztula izango ez ote denaren beldurra dago ekologisten artean. Bien bitartean basagintz konpainiek Bolikosta utzi eta itu edo biktima (Zaire, Ghana...) berrien bila abiatu dira. Ea Bolikosta baino zuhurrago jokatzen duten herri hauek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia