Ainhoa Latatu Nuñez
GOI ikastegiko zuzendaria (UEU)

UEU

Ogibidez, ikertzaile arrunt eta zoriontsuak


Azken garaian ikertzaile gazteekin egoteko aukera izan dut, dela IkerGazte kongresuan, dela handik eratorritako zenbait hitzaldi eta jardueratan. Poztasuna nagusi, harrotasuna; eta “gu baino prestatuago daude”, ikertzaile seniorren ahotan. Hala ere, txanponaren beste aldea aztertzeko aitzakia ikertzaile senior horietako batek eman dit, “Akademiatik plazara” ekitaldian, pintxo-usaina zerion taberna batean: “Pozez antolatzen ditugu honelako jarduerak”, zioen, “baina, gaur egun, ikertzaile asko sufritzen ari dira”.

«Euskal Herriko doktoregaien % 38k depresioa pairatu izan dute, eta % 51k antsietatea»

Gaia ez da berria. Nature aldizkariak 2021ean egindako errebisio zabalean estimatu zen doktoregaien % 24k depresioa pairatzen zutela eta % 17k antsietatea. Gazteak orokorrean halako portzentajeetan mugitzen diren esatea zaila da, zenbakiak aldatu egiten baitira ikerketatik ikerketara. Haur, Nerabe eta Gazteen Behatokiaren arabera (2025), gazteen % 8k agertzen dituzte depresioa edo antsietatea. Baina zer dela-eta da ehuneko hori horren altua doktoregaien artean? Zeintzuk dira halako estres-maila eragiten duten faktoreak?

Eztabaidarako beste datu bat: nazioartean argitaratutako datuen arabera, doktoretzaren uzte-tasa % 40-50ekoa da (jakintza-arloaren arabera, zeozer gora, zeozer behera). Euskal Herrira ekarrita, datu horiek kontrastatzeko ikerketa edo argitalpenik ez dut aurkitu, baina zantzua hor dago. Eta galdera: zergatik uzten dira doktoretza-ikasketak hain portzentaje altuan?

Zenbakiei begiratzen badiegu, Euskal Herrian 5000 doktoregai baino gehiago daude momentu honetan. Aurretik emandako datuei erreparatuz gero, horietako 1200 inguru depresioarekin egongo lirateke, adibidez. Eta 2000 doktoregaik eten egingo lukete beren ikertzaile-ibilbidea, doktoretza utziz gero. Gogoan dut 2023ko IkerGazte kongresuan doktoregaien osasun mentalaren gaia ekarri zutela Beñat Garaio, Leire Pinedo eta Maider Galardik. Faktore eta aldagai asko ekarri zituzten mahai gainera: prekarietate askotarikoak, ziurgabetasuna etorkizunaren aurrean, bakardadea, lan-giroak edo gizarte-premisek eragiten dituzten zapalkuntzak. Datuak ere eman zituzten, Euskal Herriko doktoregaien % 38k depresioa pairatu izan dutela eta % 51k antsietatea. Gainera, portzentajeak altuagoak ziren emakumeen artean. Esango nuke hitzaldi hura izan zela IkerGazteren 10 urteko ibilbidean entzule gehien bildu duena.

Eta nago ikertzaile gazteengan ikusten ari garena ikerketaren eta ikertzaileen (gazte zein heldu) egoeraren ispiluko irudia dela. Sistemak berak estutu duen komunitatea, hasiberriak gehiago estutzen dituena. Ikerketa ogibide gisa aukeratzeko orduan badira buru-osasunari eragiten dioten faktoreak: etengabe lorpenak justifikatu behar izatea eta inguru lehiakorra, bikaintasunaren bila etengabe ari dena eta emakumeak zein euskaldunak gehiago estutzen dituena. Generoari loturiko ikerketa asko daude, eta ikertzaile-ibilbidean emakumeok ditugun trabak, kulturalak eta sozialak, askotarikoak dira. Eta lehen aipaturiko IkerGazten prekarietate linguistikoa aipatu zen. Ez da berdina hizkuntza hegemonikoan bizi eta ikerketan aritzea, edo zurea ez den hizkuntzan lan egin eta komunikatu behar izatea. Etengabe, eta behar duzun lan egonkorra lortze aldera.

Ikertzeko bide, aukera eta ingurune anitz egon daitezkeela sinisten dut. Jakin-mina eta ikerketa ogibide duin eta gogobetegarriak izan daitezkeela, beste edozein lanbideren modura. Ikerketa puntakoa, bikaina, aplikatua eta ezagutza eraldatzeko bezain harrigarria izan daitekeen moduan, ikerketa tokikoa eta herritarra ere izan daitekeela sinisten dut; zure elkarte, enpresa edo beharrei loturiko ikerketa, herriko historia, hizkuntza zein inguruneari loturikoa. Agian irismen txikikoa, agian egunerokotasuneko jardun bati heltzekoa, jakin-mina asetzeko edo plazera emateko egin dezakezuna. Ogibidez ikertzaile arrunt eta zoriontsuak izan gaitezkeela sinisten dut. Gure ikerketa-ildo, emaitza eta ajeez hitz egiteko taberna hartan bildu ginenean bezala.

Ainhoa Latatu Nuñez

GOI ikastegiko zuzendaria

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali