Oersted-en “betaurreko” egokiak
2019/10/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Louis Pasteurrek zioenez, txiripak buru aditu bati bakarrik egiten dio mesede. Alegia, begira-begira jardun arren, elefante berde bat begien aurrean izan arren, begiratzen ez dakienak ezin ikusi!
H. C. Oersted fisikari daniarrak erakutsi zuen ondo aurreko esaldiaren funtsa. 1802. urtean, elektrizitatearen eta magnetismoaren arteko lotura aurkitu zuen, txiriparen laguntzaz izan bazen ere. Baina gogoratu: txiripak, zientziaren munduan, ez du musu-truk egiten lan, oro har. Kasualitatea aprobetxatzen asmatzeko, ezinbestekoa da betaurreko egokiak janztea.
Harira, ordea. Luzaroan uste izan zenez, magnetismoa altzairuaren eta burdinaren ezaugarria zen, eta haiena soilik. Izan ere, bi metal haiek ziren imanek erakartzen eta modu iraunkorrean magnetizaturik uzten zituzten bakarrak.
Oersted fisikaria Kopenhagen hitzaldi bat ematen ari zela, elektrizitatea bero bihurtzeari buruz, zirkuitu elektriko bat jarri zuen martxan. Esperimentua ez zen nahi bezala atera, baina, nahi gabe (ai, txiripa maitea!), fisikariak iparrorratz bat jarri zuen zirkuitu elektrikoaren alboan. Hara non, orratza mugitu egin zen. Txikikeria hutsa, itxuraz. Besterik ez? Oerstedek buru aditua zeukan, eta begira jarraitu zuen. Zirkuitu elektrikoa etetean, berriro mugitu zen orratza.
Hara, hara. Indar magnetikoa sortzen ari ote zen, bada, korronte elektrikoa? Bai zera! Ez zen posible. Baina Oerstedek baietz pentsatu, arriskatu eta esperimentuaren emaitza argitaratu zuen. Dozenaka ikertzaile murgildu ziren orduan ezusteko lotura hartan, irrika bizian. Oersted zuzen zen. Eta baita Pasteur ere!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia